Semana de cine fantástico y de Terror. Donostia - San Sebastián
DONOSTIAKO FANTASIAZKO ETA BELDURREZKO ZINEMAREN XVI. ASTEA

Zifra batzuk eta balantze laburra

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVI. Astea oso emaitza positiboekin amaitu da:

49.641 ikuslek gozatu dute Astearekin azaroaren 6ra arte (1998an 20.071 ikusle izan ziren, 1999an 30.426, 2000n 30.441, 2001ean 37.656, 2002an 40.070, 2003an 41.859 eta 2004an 48.661). 15.611 ikusle proiekzioak ikusten . 34.030 Astearen barruan antolatutako jardueretan : kaleko antzerki, erakusketa, kontzertu eta abarretan.

Asteak diziplina arteko jarduera desberdinak elkartzeko (zinema, musika, literatura, antzerkia, erakusketak eta abar) lekua eta unea izateko apustua sendotzen jarraitzen du, Donostia Kulturak urte osoan zehar garatzen duen lanaren ildoari jarraituz.

Aurreko urteetan bezala, Astearen zinema programazioa fantasiazko eta beldurrezko generoari dagokiona izan da, ikuspegi heterodoxo batetik begiratuta. Bertan azpigenero desberdinak bildu dira, hasi beldurrezko zinema gore eta dibertigarrienetik ( Evil Aliens ) nazioarteko zinemaldi garrantzitsuetan parte hartu duten oraingo pelikuletaraino ( Sympathy for Lady Vengeance , Seven Swords ), hasi generoaren barruan Espainian egin diren azkenetako produkzioetatik ( La monja , Bajo aguas tranquilas ) Europako kalitatezko zinema ( Naboer , Antikörper ), zinema komertzialena ( Flightplan , The Exorcism of Emily Rose , L'empire des loups ) eta produkzio polemikoenak ( The Devil's Rejects ) tartean direla.

Asteak, dagokion katalogoaz gain, lau argitalpen eman ditu: Espainiako fantasiazko eta beldurrezko zinema 1984-2004 liburua, izen bera duen atzera begirakoari zegokiona; Pedro Usabiagaren Alerik ederrenak argazki liburua; ohi denez, 2000 Maníacos fanzine valentziarrarekin lankidetzan, zenbaki berezi bat (aldi honetan 2001 Maníacos ), Asteari eskainia; eta, Flash-Back -ekin lankidetzan, Donostiako II. Komiki Jardunaldiari eskainitako aldizkari horren zenbakia.

Asteak gero eta oihartzun handiagoa du hedabideetan, bai Euskadin baita Estatu espainolean eta nazioartean ere. Fantasiazko eta beldurrezko zinemari buruzko munduko argitalpen entzutetsuenetako batzuen erredaktoreek bisitatu gaituzte: Fangoria (Estatu Batuak), The Dark Side (Ingalaterra), Nocturno (Italia), Mad Movies eta L'Écran Fantastique (Frantzia)…

Astearen eta Turismo Ekintzetxearen arteko lankidetzak emaitza positiboak izaten jarraitzen du. Horri esker, zenbait talde antolatuk ezagutu dituzte gure hiria eta bertako museoak, gastronomia eta Astea bera.

Aurten ere nabarmentzekoa da KUTXAren eta Astearen arteko garrantzizko lankidetza eta txikienentzat erakunde horrek babestu dituen bi emanaldietarako Kursaal erabili ahal izana (zazpigarren aldiz). Babes horri esker, hain zuzen, haur askok Olentzero eta subilaren lapurreta eta El Guerrero Sin Nombre pelikulekin gozatzeko aukera izan dute.

Euskarak Astean duen presentziari dagokionez, Euskara Udal Patronatuarekin lankidetzan, batetik, Kursaalean Olentzero eta subilaren lapurreta filma proiektatu da haurrentzat euskaraz, KUTXAren babesari esker, eta bestetik, Príncipe 1. aretoan, SADE enpresarekin lankidetzan, 7 pelikula proiektatu dira jatorrizko bertsioan, euskarazko azpitituluekin. Antzoki Zaharrean ere saio bat eskaini zen Sail Ofizialeko film labur guztiekin, euskarazko azpitituluekin. Guztira, 1.455 ikuslek gozatu ahal izan dute Astearekin euskaraz.


DONOSTIAKULTURA - Konstituzio Plaza 1 - 20003 Donostia - San Sebastián (SPAIN).
Tel (34) 943 481157/97 - Fax: (34) 943 430621- E-mail: cinema_cinema@donostia.org