| Zientzia-fikzioak
poparekin topo egin du. Hirurogeiko hamarkadako Europako fantasiazko
generoan izan diren pertsonaia maiteenetako baten agerraldia pantaila
handian. Dino De Laurentiisek ekoiztua, Roger Vadimek zuzendua eta Jane
Fondak antzeztua -Paco Rabannez jantzita-, Barbarella
pelikula dibertigarria, freskoa, axolagabea eta burugabea da tarteka,
bere buruari ere serio hartzen ez diona, alegia, horixe izanik duen alderdi
erakargarrienetako bat. Bere garaian publikoaren aldetik izugarrizko harrera
izan zuen Vadimen pelikula hau gure aroko 40.000. urtean garatzen da.
Barbarella heroi galaktikoari gizadiaren etorkizuna aldarazi dezakeen
eginkizun bat betetzeko eskatu diote. Gizon eta emakume maltzur barregarriak,
eskuz egindako efektu bereziak eta tolesgabetasun eta bizitzeko poz handia
dira Jean-Claude Foresten komikiaren egokitzapen honetan nagusi. |