Dark Star
(1974). Estados Unidos. 83 minutu
Zenbait film labur egin ondoren, John Carpenterrek bere lehenengo film luzea egiteari ekin zion. Pelikula amaitzeko hiru urte baino gehiago behar izan zituen, eta aurrekontu txikiarekin, protagonista gisa lau lagun hartuta (horietako bat Dan O’Bannon, gerora Alien, el octavo pasajero-ren gidoigilea izango zena) eta eszenario bakar batekin, Dark Star (Espainian Aluniza como puedas izenburuaz ere ezagutzen dena) kanpoaldeko espazioan girotuta dagoen oso pelikula dibertigarria eta eldarniozkoa egin zuen, astronauta batzuei buruzkoa. Beren eginkizuna planeta ezegonkorrak suntsitzea da, haien lanaz hitz egin eta hausnartzen duten bonba adimendun batzuez baliatuz. Carpenterren debuta beti izango dugu gogoan ontziko tripulatzaileetako baten eta estralurtar baten arteko borrokaren sekuentziagatik, estralurtarraren itxura hauxe izanik… hondartzako baloi batena.