Drácula
(Dracula, 1958). Terence Fisher. Gran Bretaña. 82 minutu
Eta odola gorri bihurtu zen. Terence Fisherrek, Hammer etxeko maisuak, kolorez tindatu du konde legendarioak edaten duen odola. Lugosi eta Browningen zuri-beltza odolaren gorri bihurtuta, pasioaren gorri, heriotzaren gorri, desioaren gorri, bizitzaren gorri. Christopher Leek Drakula desorekatuagoa sortu du, sutsuagoa, biziagoa, hungariarrak sortutakoaren aldean (hala eta guztiz ere benetako Drakula bihurtu ez arren, Lugosiri gertatu ez bezala). Peter Cushing, beti bezala, van Helsing da. Hemen bere lehenengo abenturan agertzen zaigu, Trantsilvaniako noblearekin izandako bere lehenengo borrokan, bere lehenengo garaipenean, ondoren beti suntsituta bukatu arren; itzuli egin baita kondea, ez baita hilko, pelikula gehiago egongo baitira, edo kondea ez bada haren semea, alaba… izango da.