| Louis
Feuillade frantsesak, sailen maisuak, Europako zinemaren aitzindarietako
bat eta 800 pelikula baino gehiagoren egilea izanik, 1913 eta 1914 urte
bitartean lehen aldiz eraman zituen zinemara Fantômasen abenturak.
1912an Marcel Allain eta Pierre Souvestrek sortutako pertsonaia (Fantômus
izenez bataiatu zuten, baina editorearen miopiak eraginda hartu zuen bere
behin betiko izena), frakez jantzita eta begietan mozorro bat duela, XX.
mendean nobela ugariren eta hainbat pelikularen protagonista izan den
lapur dotorea da. Sortu zenetik urtebetera, Feuilladek zuzendutako bost
emanaldiko sail honetan agertu zen Fantômas, René Navarre
aktoreak antzeztua, oraingo honetan bihotz oneko alproja gisa, eta bere
lagun amorratua, Juve inspektorea ondoan duela. |