Thriller. En grym film
Suedia, 1974
70eko hamarkadako lan adierazgarrienetakoa da. Hiru egunetan idatzi zuen Bo Arne Vibenius zuzendari bitxi eta film loverrak (haren hitzetan), armadako sarjentu izateari utzi eta zuzendari gisa egindako lehen lanak porrot egin, eta inoiz egindako filmik komertzialena egitea erabaki ondoren. Horrela sortu zen mendekuari buruzko istorio hau. Agure batek Madeleine neskatila bortxatu du, eta horren ondorioz, Madeleine mutu geratuko da betiko. Urte batzuk geroago, proxeneta batek Madeleine bahituko du, eta heroina emango dio ihes egin ez dezan. Sexualki esplotatzen duten bitartean, Madeleinek borroka-arteak ikasiko ditu, eta baita tiro egiten eta gidatzen ere. Mendekua prest dauka. Film bihozgabea, lehorra eta izugarria da, zinemagile ugarik imitatu edo omendutakoa.