VIII. Komiki Jardunaldiak

Pulp Visions
Vicente B. Ballestar

Okendo Kultur Etxea. urriak 29 – abenduak 10

Ballestarren ilustrazio batModernoa izatea, moderno izatea bilatu gabe. Espazio-denboran azken modan egoteko gaitasuna. Vicente B. Ballestar (Bartzelona, 1929) ilustratzailearen lanak komikiaren eta fantasiazko eleberrien urrezko garaira eramaten gaitu, baina irudiak gaur, XXI. mendean, eginda daudela dirudi, gaur egungo artista askorengan eragina duen "retro" joerari jarraiki. Ballestarrek egindako ilustrazio ugarien estetika pertsonalak bestelako zirrarak bilatzen dituen publikoak hainbeste miresten duen vintage looka elikatzen du.

Ballestarrek Lonja Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen Luis Muntané margolariarekin. Ondoren, Baixas Akademian irakasle lanetan aritu zen J. Lahosarekin batera. Margolari bikaina izan da beti eta horrela egiaztatzen dute Pulp Visions izeneko erakusketan biltzen den lan grafikoaren oinatzek. Kataluniako akuarelaren maisutzat jo izan dena –50eko hamarkadatik Kataluniako Akuarela Elkarteko kide da– Espainiako eskualde guztietan egindako erakusketa ugaritan parte hartu du, baita bestelako herrialde askotan egindakoetan ere, adibidez, Italian, Frantzian, Mexiko edo Kolonbian. Bere ibilbide oparoan hainbat eta hainbat sari jaso ditu. Bestetik, liburu didaktikoak ere idatzi ditu argitaletxe ezberdinentzat: Planeta eta RBA (Espainia), Watson-Guptill (AEB), Edition Michael Fischer (Alemania), Bordas (Frantzia), Hernous Forlag (Danimarka), Parramón (Espainia), Cantecleer (Belgika)...

Nazioarteko ilustrazioaren arloan izen ona eta arrakasta lortu duen artista honek hainbat eleberri eta argitalpenen azalak egin ditu, beldurrezko, zientzia-fikziozko edota western generoekin lotuak gehienak. Pulp Visions erakusketak akabatu ezin hobeagatik eta argitasun estetikoagatik izugarri boteretsuak diren irudiak jasotzen ditu, bere garaian John Sinclairren liburuak aurkezteko edota beldurrarekin eta misterioarekin lotutako goiburuak aurkezteko egindakoak.

Pulp Visions pintura eta ilustrazioa maite duten guztiei zuzenduta dago, ez bakarrik fantasiaren generoko jarraitzaile amorratuei. Bertaratzen direnek Vicente B. Ballestarren jatorrizko lanak ikusteko aukera izango dute, gauza izugarri zaila egungo garai digitalean. Izan ere, gaur egun ez da erraza, ezta ohikoa ere, marrazkilariaren teknikaz eta pintzelkadaz inolako artifiziorik gabe disfrutatzeko aukera izatea, nahiz eta ezinbestekoa izan artea interesatzen zaion ororentzat. Mundu honetan dauden beste mundu batzuk sekulako dotoreziaz islatzeko gai den artista honen jatorrizko lanaz gozatzeko aukera paregabea izango dute generoaren eta istoriotxoen zaleek.

Bada ordua gizon irudikor honen lanari omenaldia egiteko, bere lan paregabea gogora ekartzeko, eta horrek osteko sortzaileengan izandako eragina aintzatesteko.

Euskadi Fantastikoa VII
Ederra eta piztia. Arantza Sestayo eta Rober Garay

Aurtengo erakusketaren izenak ez dauka zerikusirik egileen ezaugarri fisikoekin, haien lanetako pertsonaiekin baizik. Ez da erraza antzekotasunik aurkitzea Arantza Sestayoren marrazkietako edertasunaren eta Rober Garayren pertsonaia groteskoen trakestasunaren artean. Alabaina, biek dute besteengandik bereizten dituen estilo pertsonala.

Eskarmentu handiko bi egile hauek erakusketa paregabeak eskainiko dizkigute. Arantza Sestayoren erakusketan marrazkien birtuosismoaz eta poesiaz betetako trazuen fintasunaz gozatuko dugu, eta Rober Garayrenean, berriz, indar narratiboak, kolore azidoak eta muturreko pertsonaiak nahastearen ondorioz lortutako eztandaz.

Arantza Sestayo

Udal Liburutegi Nagusia. urrriak 29 – azaroak 12

Sestayoren ilustrazio batSestayoren obra bakarra ikustea nahikoa da artista honek marrazkietan eta koloreetan erakusten duen birtuosismoaz jabetzeko. Bere ilustrazioen errealismoak harrapatu egiten gaitu, eta erretratatzen dituen elementu guztiek edertasuna eta poesia islatzen dute.

Besos Malditos ilustrazio-liburu ezagunaren egile den honek komikiaren munduan, haurrei zuzendutako ilustrazioan eta animazioan ere lan egin du. Gizakiaren irudia guztiz menperatzen du, eta xehetasun harrigarriarekin ezin hobe erretratatzen badaki, arkatzak edo kolore zoragarriak erabiliz.

Rober Garay

Príncipe Zinemak. urrriak 29 – abenduak 4

Grayren ilustrazio batEzinezkoa da egile egonezin honen lana lerro gutxitan laburtzea, hainbat mundutan aritzen baita: komikia, ilustrazioa, diseinu grafikoa, taula-jokoen garapena, kartelak, antzerki-eszenografia...

Gorea, umore mardula eta splatterra gogoko ditu, eta askotan erabiltzen ditu bere lanetan, komikietan gehienbat. Komiki horietan jaio dira, hain zuzen ere, sailkaezinak diren hainbat pertsonaia: Manurro, Koporrex kapitaina, Puto, Txotxolo...

Egun, ahal duen moduan moldatzen da eskuartean dituen proiektuak burutzeko: En Busca del ídolo de bronce Bermeoko hiribilduaren historiari buruzko album historikoa (oso lan zehatza eta dokumentatua), El Correo egunkarian argitaratzen den Roque Star komiki-saga (185 aste daramatza) eta sorkuntza grafikoarekin lotutako milaka lan.

  • San Sebastián, ciudad de la cultura - donostiakultura.com
  • Donsotiako Udala / Ayuntamiento de San Sebastián
  • Donostia - San Sebastián 2016