Askotariko erakusketak aurtengo Astean

Bildumatzaileen zinemaren heroiak, VIII. Komiki Jardunaldiak (aurtengo protagonista nagusiak eskarmentu handiko Vicente B. Ballestar ilustratzailea eta bertako Arantza Sestayo eta Rober Garay egileak izango dira), plastilinazko irudi odoltsuak eta argazki arraroak ikusgai egongo dira urriaren 29tik azaroaren 4ra egingo den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXII. Astearen barruan antolatzekoak diren erakusketetan.

Zinema heroiak (Bildumazaletasun fantastikoa) Udal Liburutegiko Jarduera Aretoan egongo da ikusgai. Erakusketa Fantasiazko zinemaren historiako pertsonaia eta saga mitikoen bildumatzaileen piezez osatuta dago: Star Wars, Batman, Spiderman... Pieza guztiak Miguel Ángel Cruz eta Jorge Jiménez bildumatzaileenak dira (Kimera & Foley. Merchandising Stores). 

Malakias artista polifazetiko finlandiarrak, iaz Astearen epaimahaikide izandakoak, bere sormenik beldurgarrienak eta maltzurrenak aurkeztuko ditu Okendo Kultur Etxean ikusgai egongo den Plastilina odoltsua eta beldurgarria izeneko erakusketan: bere herrialdeko mitoak eta genero-zinema gogora ekartzen dizkiguten panpinak, maketak, film laburrak...

Bestetik, Steve Schofield britainiarraren argazki serie bitxi bat ikusteko aukera ere izango dugu, FNACen: Land of the Free. Bertan, zientzia-fikzioko zinemaren zaleen argazkiak ikusgai egongo dira. Argazki horietan zaleak haien etxeetan ikus daitezke, eguneroko zereginetan eta gogokoen dituzten pertsonaiez mozorrotuta.

Azkenik, VIII. Komiki Jardunaldiak aipatuko ditugu. Jardunaldi horietan, eskarmentu handiko Vicente B. Ballestar ilustratzaileak (Bartzelona, 1929) bere Pulp Visions erakusketa eskainiko digu (Okendo Kultur Etxean).Erakusketa honek akuarelaren maisuak eleberrien azalentzako eta argitalpen batzuentzako egindako hainbat marrazki biltzen ditu, beldurrezko, zientzia-fikziozko edota western generoekin lotuak gehienak. Erakusketak akabera ezin hobeagatik eta argitasun estetikoagatik, izugarrizko indarra duten irudiak jasotzen ditu, bere garaian John Sinclairren liburuak aurkezteko edota beldurrarekin eta misterioarekin lotutako goiburuak aurkezteko egindakoak.

Horrez gain, eta VIII. Komiki Jardunaldietan ohikoa denez, bi euskal egileren lana ere aurkeztuko da Euskadi Fantastikoa VII. erakusketan. Hauek dira aurten hautatuak izan diren egileak: Arantza Sestayo (Liburutegi Nagusia) eta Rober Garay (Principe Zinemak).

  • San Sebastián, ciudad de la cultura - donostiakultura.com
  • Donsotiako Udala / Ayuntamiento de San Sebastián
  • Donostia - San Sebastián 2016