Aurtengo Astearen ziklo berezia: “Zatoz eta begira. Fantasiazko eta beldurrezko zinema eremu debekatuan”

Tras el cristal (Agustí Villaronga, 1987), A Clockwork Orange (Stanley Kubrick, 1971), Irréversible (Gaspar Noé, 2002), Cannibal Holocaust (Ruggero Deodato, 1980), A Serbian Film (2010)... Fantasiazko eta Beldurrezko zinemak hainbat film ditu jasota, bere garaian sortu izan zireneko gizartearentzat kaltegarritzat hartu izandakoak, ezusteko gaiak edota jasanezinak lantzeagatik.

Zatoz eta begira zikloak –Elen Klimoven Idi i smotri (1985) film sobietarretik hartutako titulua; gogoratu behar da Klimovek Apokalipsiaren 6:1 bersetetik hartu zuela titulu hori bera: "Gero, Bildotsak zazpi zigiluetarik lehena ireki zuela ikusi nuen, eta lau izaki bizidunetatik lehenengoak trumoi antzeko ahotsez hau esaten zuela entzun nuen: Zatoz eta begira"– generoari debekatutako bideak zeharkatzen ditu dagozkion irudi eta diskurtso gordinenetatik abiatuta, handi eta "arriskutsu" bihurtu duten horietatik, alegia.

Ruben Lardínek koordinatutako izen bereko liburu baten argitalpenarekin osatuko da zikloa, ohiko moduan. Liburuan, besteek ikusten ere ez dutena begiratzeko ausardia izan dutenen lanetan eta izen propioetan oinarrituta, Zatoz eta begira zikloak amoral, deseroso eta kontrakorrontekotzat jo diren lanak kontatu, kudeatu eta aztertzea du xedetzat, baita zeintzuk ote diren artisten pribilegio eta betebehar moralak galdetzea ere: beldurrezko zineak pentsaezina denaren gainean begiratu behar ote duen, edo fikziozko obra bat kondenatzea zilegi ote den.

Zatoz eta begira zikloaren helburua da zinema jakin bat kontatzea, testuinguruan jartzea, aztertzea eta kudeatzea, zehazkiago, ezustekoa, pentsaezina edota jasanezina denaren inguruan aritzeko erronkari eta aukerari atea irekitzen dion zinema, eta garaian garaiko izpirituak, gizarteak, legeak eta adostutako moralak zinema hori imajinatzea eta horiei buruzko gogoeta egitea begi onez ikusten ez zuena.

Begirada edo zinema mota hori ez dagokio soilik fantasiazko zinemari, baina ukaezina da genero horrek berariazko gaitasunak dituela horrelako lanak hartzeko, eta oro har, beti izan da arlo horretan nagusi; surrealismotik eta grand guignol-etik hasita, cyberpunk edo haragi berriaren postulatuetara, esplotazioko zinematik, slasher-etik, muturreko erotismotik edota zientzia-fikzioak imajina ditzakeen distopia lotsagabeenetatik igaroz.

  • San Sebastián, ciudad de la cultura - donostiakultura.com
  • Donsotiako Udala / Ayuntamiento de San Sebastián
  • Donostia - San Sebastián 2016