Dick Maas, Lucky McKee eta Noburu Iguchi zuzendarien lanak, besteak beste, aurtengo Beldurrezko Zinemaren Astean

Zinema europarra, amerikarra eta ekialdekoa ikusgai Astearen programazioan (urriaren 29tik – azaroaren 4ra). Hona hemen Donostian ikusgai egongo diren fantasiazko eta beldurrezko zinemaren generoan aurten ekoiztutako film garrantzitsuenetako batzuk. Film horiek guztiak generoaren barruan eskarmentu handia duten eta gure Astean maiz izan ditugun egileek zuzendu dituzte, horien artean, Lucky McKee edo Noboru Iguchi batzuk.

Juan de los muertos (Espainia-Kuba, 2011). Alejandro Brugués

(BUKAERA)

Juanek berrogei urte ditu, Kuban bizi da eta ezertxo ere egin gabe pasatzen du denbora. La Habanako kaleetatik noragabe ibiltzen da, bere lagun min Lazarorekin, lanik egin gabe bizimodua atera nahian. Alaba bat badu, baina neskak ez du aitaz ezer jakin nahi. Bat-batean, gauzak zeharo aldatu eta jendea bortitz bilakatuko da. Gaixotasuna balitz bezala bortizkeria batek besteari kosk eginez kutsatzen da. Banpiroak ote? Zonbiak? Disidenteak? Edo, Inperioak haiekin bukatzeko erabiltzen ari den trikimailu berria? Edonola ere, egoera berriari etekina ateratzen saiatuko da Juan. Film dibertigarria, lotsagabea, akzioz eta abenturaz josia, irlako egoera sozio-politikoari buruzko gogoeta ausartak sarri egiten dituena. Alejandro Brugués argentinarra dugu Espainia eta Kubaren arteko koprodukzio honen zuzendaria (San Antoniio de los Baños-eko Zinema eta Telebista Eskolakoa).

 

Hobo With a Shotgun (Kanada, 2011). Jason Eisener

70eko eta 80ko hamarkadetako genero-zinemari eskainitako omenaldia, Austineko SXSW Film Jaialdiak (Texas) antolatutako gezurrezko trailerren lehiaketatik sortua, Rodríguez eta Tarantinoren Grindhouse (Planet Terror + Death Proof) (2007) prestatzen zen bitartean. Jason Eisener kanadarrak Hobo With a Shotgun trailerra aurkeztu zuen bi lagunekin, eta lehiaketa irabazi zuen. Ondoren, herrialde horretako film-banatzaileak saritutako trailerra Grindhouseko kopietan sartzea erabaki zuen. Trailer hura, azkenik, film luze bilakatu da. Rutger Hauer dugu protagonista (arlote justiziaegile bihurturik) laurogeiko hamarkadaren kutsuaz erabat blaitutako thriller bizi-bizi honetan. Lanak ohore egiten dio belaunaldi oso baten erreferentzia izandako akzioko zinemari, zehazkiago, Charles Bronsoni eta "zaindarien" azpigeneroari.

 

The Orphan Killer (Estatu Batuak, 2011). Matt Farnsworth

Aurten internautek gogokoen izan duten filmetako bat. Umezurtz geratu eta gero, erakunde katoliko batean sartzen dira bi anai-arreba. Audrey neskato atsegina eta lasaia da. Marcus, berriz, geroz eta oldarkorrago eta zakarrago dago eta barnetegikoek maskara bat jartzeko erabakia hartzen dute, gainontzeko ikasleak berarengana hurbil ez daitezen. Arrebari hurbiltzen zaion orori eraso egiten dio Marcusek. Egun batean, Audreyk adopziozko guraso batzuk aurkitu eta erakundea uzten du. Urte batzuk beranduago, arrebari "familia-leialtasunak" zer esan nahi duen azaltzen saiatuko da Marcus (nahiko sinesgarriak diren metodoen bitartez). Mendekua, odola, erailketak, erlijioa...beldurra egoera puruan.

 

Saint / Sint (Holanda, 2010). Dick Maas

"Gurasoek ez dela existitzen esan zizuten..." Egia esan, San Nikolas ez da Eguberrietan zintzoak izan diren haurrei opariak uzten dizkien bihotz oneko gizona, apezpiku odoltsua eta gaiztoa baizik. Duela mende asko, Holandako zelaiak zeharkatzen zituen, gogora etortzen zitzaion guztia lapurtzen, andreak bortxatzen eta berari eta bere gizonei aurrean jartzen zitzaien guztia suntsitzen. Egun batean, herritarrek mendeku hartzea eta apezpikua erailtzea erabaki zuten. Orduz geroztik, apezpikua bere jaioterrira aldizka bueltatzen da ikara eta beldurra ereitera, bere heriotzaren urteurrenean ilargi betea dagoen egunetan, hain zuzen ere (32 urtean behin, gutxi gorabehera). Dick Maas zuzendariaren lana da, besteak beste, De Lift (1983), Amsterdamned (1988) edo Do Not Disturb (1999) genero-tituluak ekoiztu dituen eskarmentu handiko zuzendariarena.

 

Tomie Unlimited / Tomie: Anrimiteddo (Japonia, 2011). Noboru Iguchi

Aurtengo Astean ere, gure artean izango dugu Noboru Iguchi Japoniako generoko zinemagile garrantzitsuenetakoa eta sailkaezinenetakoa. Oraingoan, bi film aurkeztuko dizkigu. Noboru Iguchik –The Machine Girl (2008) eta RoboGeisha (2009)– eta beti berarekin lan egiten duen efektu berezien zuzendari Yoshihiro Nishimurak bi ahizpen istorioa kontatzen duen manga baten egokitzapena aurkeztuko digute. Hil eta gero, ahizpetako bat bizitzara itzuliko da bere familiak gertatutakoa ahaztea saihesteko eta kaosa ereiteko. Filma dibertigarria eta beldurgarria da neurri berean; eroa eta harrigarria une batzuetan. Zalantzarik gabe, urteko filmik garrantzitsuenetakoa.

 

Karate-Robo Zaborgar / Denjin Zabôgâ: Gekijô-ban (Japonia, 2011). Noboru Iguchi

Aurtengo Astean ikusi ahal izango dugun Noboru Iguchiren bigarren filma 70eko telesail baten egokitzapena da, zuzendari honek egindako lanik garestiena. Motozikleta-robot karateka batean ibiltzen den agente sekretu batek mendeku hartu nahi dio urte batzuk lehenago bere aita erail zuen −eta, nola ez− mundua konkistatu nahi duen enpresa gaizkile bati. Moto-borrokak, komikietako gaizkileak, borroka-arteetan adituak diren robotak, borroka amaigabeak, mugarik gabeko akzioa...eta hori guztia, Iguchiren eta Nishimuraren ukitu ausart eta lotsagabearekin.

 

Wake Wood (Irlanda-Erresuma Batua, 2011). David Keating

Alice izeneko alaba galdu ondoren, Wake Wood izeneko herri galdu batera lekualdatzen dira senar-emazteak, bizitza berregiteko asmoz. Bertan, herriko lider espiritualarekin harremanetan jarriko dira: diotenez, liderra gai baita erritual pagano baten bidez hildakoak egun batzuez bizitzara bueltarazteko. Lider espiritualaren rola beti sinesgarria den Timothy Spall aktoreak egiten du. 60ko eta 70eko hamarkadetan egindako ekoizpenekin lotura zuzena duten hainbat filmi esker, azken urteotan berpiztu egin den Hammer etxe ospetsuaren ekoizpena. Ikuslea Hammer etxea beldurrezko zinemaren generoan nagusi zen urteetara garraiatzen duen giro klasikoko istorioa, Summer Fling (1996) lanaren zuzendariaren eskutik.

 

The Woman (Estatu Batuak, 2011). Lucky McKee

Abokatu batek zibilizaziotik kanpo bizi den emakume misteriotsu eta basatu bat ezagutzen du basoan. Topaketa horrek abokatuaren eta haren familiaren bizitza arriskuan jarriko du; ezagutzen duen heinean, abokatuak geroz eta argiago ikusiko du "deabruak aurpegi atsegina izan dezakeela". Generoan jada klasiko bilakatu denaren azken filma: Lucky McKee. Zuzendari horrenak dira, baita ere, May (2002), "Sick Girl" (2006) –"Masters of Horror" telesailaren lehenengo denboraldiko TV moviea– edo Red (2008) lanak. Aurreko Sundance-ko jaialdian estreinatua den The Woman filma egiteko, Jack Ketchum beldurrezko nobelak idazten dituen idazle ospetsuaren laguntza izan du zinemagileak. Horrela, jatorrizko nobela idazteaz gain, filmaren gidoian ere parte hartu zuen Ketchumek.

  • San Sebastián, ciudad de la cultura - donostiakultura.com
  • Donsotiako Udala / Ayuntamiento de San Sebastián
  • Donostia - San Sebastián 2016