Beldurrezko Asteko programazioaren aurrerapena

Ondoren, ezagutzera ematen ditugu aurten Astearen Atal Ofizialean parte hartuko duten eta, beraz, 6.000 euroz hornituriko Film Luze Onenarentzako Ikusleen Saria lortzeko lehiatuko diren film batzuen berri.

Chillerama (Estatu Batuak, 2011). Adam Green, Joe Lynch, Adam Rifkin, Tim Sullivan

B zinemari, auto-zinemei eta egunsentiko beldurrezko emanaldiei eginiko omenaldia da. Generoa maite duten lau zuzendarik egindako lana. Filma ukitu klasikoa eta grindhouse kutsua duten lau pasartez osatuta dago:Adam Green –Frozen (2010)–, Joe Lynch –Wrong Turn 2: Dead End (2007)–, Adam Rifkin –Look (2007)– eta Tim Sullivan –2001 Maniacs (2005), 2001 Maniacs: Field of Dreams (2010)– zuzendariek elkarren artean zerikusirik ez duten lau istorio kontatu dizkigute: ezin menderatu daitezkeen espermatozoideak –Wadzilla–, gizon-hartz nerabeak –I Was a Teenage Werebear–, Anne Franken benetako jatorria –The Diary of Anne Frankenstein– eta auto-zinema bateko azken emanaldia –Zom-B-Movie–. Jada atzean utzi dugun iraganari begirada samurra eta dibertigarria eskaintzen diote.

 

The Divide (Estatu Batuak-Kanada-Alemania, 2001). Xavier Gens

New York hiriak erasoa jasan du. Elkarren artean ezagutzen ez diren 8 lagun eraikin bateko soto blindatu batean sartuko dira, babes bila. Inork ez daki hirian zer gertatu den, ezta zer gertatuko den ere. Bien bitartean, atearen beste aldean aurki ditzaketenak baino kezkagarriagoak izan daitezkeen arazoei aurre egin beharko diete. Amildegiaren ertzean jarritako gizon eta emakumeak aurkituko ditugu Xavier Gens frantziarraren film berri honetan. Gensenak dira, baita ere, Hitman (2007) eta estreinatu zen urtean Astean ikusi ahal izan genuen Frontière(s) (2007) filmak. Bizirauteko borroka klaustrofobikoa, guztiz kontrakoa den giro batean: pertsonez inguratuta. 

 

Masks (Alemania, 2011). Andreas Marschall.

Emakume batek aktore izan nahi du, baina hautaketa-probetan atzera botatzen dute. Ustekabean, eskola arraro bat ezagutuko du Berlinen kanpoaldean, ikaskuntza-metodo berezi bat asmatzeagatik 70eko hamarkadan oso famatua izan zen Mateusz Gdula irakasle bitxiak sortutako eskola, hain zuzen ere. Emakumea eskolan sartuko da. Baina, eskolaren nondik norakoak ezagutzen dituen heinean, Gdulak asmatutako metodoa benetan puntakoa eta arriskutsua dela ikusiko du. 2004ko Astean ikusitako Tears of Kali filmaren arduradun Andreas Marschallek zuzendu du interpretazioaren eta gizakiaren adimenean barneratzen den giallo alemaniar hau. 

 

Panic Button (Erresuma Batua, 2011). Chris Crow.

Hiru gizon eta emakume bat irabazle suertatu dira azkenaldian mundu birtualean (edo mundu erreala esan behar dugu), etengabe sortu eta ugaltzen diren sare sozial horietako batek antolatutako lehiaketa batean. Saria: New Yorkera bidaia hegazkin pribatu batean. Hegazkinera igo bezain laster, bidaia frenetiko eta kezkagarri bati hasiera emango diote gure pertsonaiek. Bertan, iraganari aurre egiten ikasi beharko dute, eta baita orainaldian bizirauten eta etorkizunaren itxaropena gordetzen ere. Devil's Bridge (2010) lanaren arduradun Chris Crow galiarrak sare sozialen arriskuez ohartarazi nahi izan gaitu hegazkin batean gertatzen den thriller dardarti eta klaustrofobiko honekin. 

 

The Prodigies (Frantzia-Belgika-Luxemburg, 2010). Antoine Charreyron.

Bost nerabe oso berezien istorioa da. Nerabe horiek ezberdinak dira, miragarriak, eta ohi kanpoko adimena dute. Bost gazteak New Yorken elkartuko dira, haien tankerakoa den Jimboren zaintzapean. Central Park-en erasoa jasan eta gero, gizateriaz mendekatzea erabaki dute gure gazteek. Adi, oso boteretsuak baitira. 3Dko animazio-film europar harrigarria, eta zuzendariaren opera prima.

 

Stake Land (Estatu Batuak, 2010). Jim Mickle.

Estatu Batuak abandonatuta daude, nazio osoan zehar eroso dabiltzan banpiroen esku. Hiriak hilobi bilakatu dira; bizirik dirautenak landa-eremutan elkartzen dira, edota noraezean dabiltza janari bila, kutsatuta daudenetatik ihes egin nahian. Gauean, beldurra da nagusi. Martin gazteak senide guztiak galdu ditu, eta lanbidea erakutsiko dion banpiro-ehiztari beterano batekin egingo du bidaia. Mulberry Street (2006) eta gero, Jim Micklek egindako bigarren film luzea. Gidoia ere berak idatzi du, filmeko protagonista den Nick Damicirekin batera.

 

The Theatre Bizarre (Estatu Batuak-Frantzia-Kanada, 2010). Douglas Buck, Buddy Giovinazzo, David Gregory, Karim Hussain, Jeremy Kasten, Tom Savini, Richard Stanley.

Elkarren artean zerikusirik ez duten fantasiazko eta beldurrezko pasartez osatuta dagoen lana da, zeremonia-maisu batek zuzendutakoa eta Udo Kier aktoreak interpretatutakoa. Bertan, azken hiru hamarkadetan generoaren barruan azpimarratzekoak diren lanak egin dituzten hainbat talentuk ere parte hartu dute, horien artean, efektu berezietan aditua den Tom Savini, aspaldi Hardware (1990) eta Dust Devil (1992) lanak Donostian aurkeztu zituen Richard Stanley britainiarra, edota Douglas Buck –Cutting Moments (1997), Home (1998) eta Prologue (2003) film laburren trilogia harrigarriaren egilea– eta Buddy Giovinazzo –Combat Shock (1986)– estatubatuarrak.

 

Troll Hunter / Trolljegeren (Norvegia, 2010). André Øvredal

Unibertsitateko ikasle talde bat hainbat erailketa eta eraso misteriotsu ikertzen hasten da. Agintarien arabera, eraso horiek guztiak hartz batek egin ditu, baina ez dago hori ziurtatzen duen proba erabakigarririk. Hilketak gertatu diren lekuetan noizbehinka agertzen den pertsonaia misteriotsu batek gazteak artegatuta ditu. Ehiztaria dirudi. Baina, zer ehizatzen du? Ehiztaria jarraitzeko eta harekin hitz egiten saiatzeko erabakia hartzen dute gazteek. Denboraldiko titulurik irrikatuenetakoa bilakatu den Norvegiako dokumental honek trollen legendara (?) hurbilduko gaitu, hots, duela ehunka urtez geroztik sutondoan kontatzen diren beldurrezko kontakizun askoren protagonista diren pertsonaia mitologiko nordikoetara.

 

YellowBrickRoad (Estatu Batuak, 2010). Andy Mitton, Jesse Holland.

1940ko udazkenean, Friar hiriko (New Hampshire) biztanle guztiak haien etxeak utzi eta ahaztutako bide zahar batean barneratu ziren. Inork ez zituen biztanle horiek berriro ere bizirik ikusi. 70 urte beranduago, ikertzaile batzuk biztanle horiek jarraitutako bide berbera hartu dute, garai hartan gertatutakoa argitzeko asmoz. Zuzendarien opera prima kezkagarria eta beldurgarria. Zalantzarik gabe, fantasiaren generoan aurten egin diren filmetan garrantzitsuenetakoa, eta "Lost" (2004-2010) telesaila gustuko dutenek galdu ezin dutena.

  • San Sebastián, ciudad de la cultura - donostiakultura.com
  • Donsotiako Udala / Ayuntamiento de San Sebastián
  • Donostia - San Sebastián 2016