Kanada, 2011
Zombies’s Closet web orri ezabaezin eta saihestezinean irakurri dugunez, film harrigarri honek –gainkargatutako eta hiper-aireztatutako koloretan egina, eta haragi, odol eta grindhouse zeluloidez betea– Bizitzari, Heriotzari, Hutsari, Mendekuari eta Erredentzioari buruzko filosofia bati eusten dio, Camus edota Bukowski liluratzeko modukoa. Ezin zoragarriagoa, batzuen ustez. Hasteko, ezin deskribatu daitekeen estolda batean trabatuta dagoen burua askatzeko ahaleginak ikusiko ditugu filma honetan, eta ondoren, eskolako autobus bateko umeekin egindako barbakoa bat. Film honekin azpimundu absolutura itzuli da Rutger Hauer; Orionetik zaborraren azpimundurainoko erorketa askea. Jason Eisenerrek zuzendu du lan hau, eta ziur, istorioa eta moduak ezagunak egiten zaizkizuela: Hobo With a Shotgun Tarantinok, Rodríguezek eta horien lagunek antolatutako Grindhousean eskaini ziren gezurrezko trailerretako bat izan zen (gezurrezkoak baina ederrak). Ez galdu gaizkilea besondoarekin hiltzeko jarraibideak.