INAUGURAZIOA
Frantzia, 2011
À l’intérieur lanaren zuzendarien film berri honek zeresan handia eman zuen Torontoko Jaialdian, non ehunaka ikusle liluratuta geratu ziren lanaren “amets bero” estiloarekin. Filmak ez du ohiko egitura narratiboa jarraitzen. Amesgaizto eder eta krudel baten transkripzioa dirudi. Protagonista guztiak iraganeko oroitzapenetan harrapatuta daude, hildako lagun maiteen fantasmak (oso urruti joan ez direnak) atzetik dituztela. Livide filmak hilzorian dagoen andre zahar misteriotsu baten eta hura zaintzera joango den neska gazte baten istorioa kontatuko digu. Darth Vader-en antzera hartzen du arnas amonak, eta etxea fantasmez, disekatutako animaliez eta manikiez josia dauka. Halloweeneko gau batean, etxeko “bizilagun” guztiak bizitzara bueltatuko dira, neskak (Bowieren antzera begi bakoitza kolore batekoa duenak), neskaren mutil-lagunak eta haren lagunak etxean gordeta dagoen altxorraren bila abiatzea erabakitzen duten gauean, zehazki. Gure lagunek, jakina, ez dakite etxetik banpiroak eta begitazio mingarriak dabiltzala.