URREZKO MÉLIÈS LEHIAKETA
Polonia, 2010
Bi hegazkin, bata bestearen atzetik. Azken bataila da, eta hegazkin aurkaria lurrera botatzeko haien esku dagoen guztia egingo dute pilotuek. Gorrotoa antzematen da haien begiradetan. Aurkariarekin bukatu beste helbururik ez dute. Bost axola arrisku guztiak. Zeruak suminduraz bete dira. Gizaki izateari utzi, eta aurkaria hiltzea beste helbururik ez duten deabru hegaldun bilakatu dira pilotuak. Gizakion arimaren nondik norakoak eta mugak aztertu ditu film labur honek, baita amorruaren amildegi ulergaitzak eta aurkaria –eta bide batez nork bere burua– suntsitzera eramaten duen haserre bizi eta itsua ere. Poloniako Platige Image animazio-etxearen lan berria da. Platige Imagek, besteak beste, Cathedral, Fallen Art, Ark eta Chick film garrantzitsuak ekoiztu ditu (azken hiruak Astearen aurreko ediziotan proiektatu dira).