Peeping Tom
Erresuma Batua, 1960
Gizon bat erakusleiho baten parean zain dagoen emakume batengana hurbilduko da. Gizonak kamera bat darama beroki azpian erdi ezkutatuta. Emakumea prostituta da, eta 2 libera nahi ditu zerbitzuagatik. Isilik, apartamentu batera iritsiko dira; iritsiko gara. Bertan, emakumea eranzten hasiko da, gogogabe, gure begiradaren aurrean. Egun horretarako dituen asmoak erakutsiko dizkigu gizonak; hori da, behintzat, emakumearen begirada ikaratuak ezagutzera emango diguna. Emakumeak bere zoria zein izango den berehala ulertu duela dirudi: azken bezeroa izango duen horrek sentsazio berriak nahi ditu. Zabal-zabalik dagoen begi baten lehen planoarekin hasten da Michael Powellen lana. Garai bateko kritikari guztiak aztoratu zituen lana, denboraren poderioz, voyeurismoari, indarkeriari eta zinemari buruzko gogoeta egiten duen kultu-filma bilakatu da. Bertan, zuzendariak bere senetik kanpo dagoen Mark Lewis (Karlheinz Böhm) maniakoaren konplize bihurtzen du ikuslea.