AEB-Danimarka-Frantzia. Zuzendaritza: Nicolas Winding Refn. Ekoizpena: Lene Børglum, Sidonie Dumas, Vincent Maraval / Space Rocket Nation, Vendian Entertainment, Bold Films. Gidoia: Nicolas Winding Refn, Mary Laws, Polly Stenham. Argazkia: Natasha Braier. Musika: Cliff Martinez. Muntaketa: Matthew Newman. Aktoreak: Elle Fanning, Karl Glusman, Jena Malone, Keanu Reeves, Christina Hendricks. Iraupena: 117 min
HIZKUNTZA: ingelesa / AZPITITULUAK: gaztelania
Cannesen "nartzisista" baino gehiago "onanista" deitu zioten. Kasurik ez, The Neon Demon ez da Croisette-rako pelikula bat, Grand Auditorium Lumière-n ezkutatzen direnak ez daude Nicolas Winding Refnen arima eta kamera gaixotiak baina bikainak ulertzeko gaituak, han Drive (2011) lanarengatik zuzendari onenaren saria eman zioten arren. Ez, The Neon Demon guretzako da, gure espeziekoak ezagutzen ditugun horientzako. Guretzako, Elle Fanning (eta beste guztiak) bezalako edertasun izoztuz txunditutako esteta irredentuak. Guretzako, edertasuna irentsi egiten dela eta edertasunak irentsi egiten zaituela dakigunontzat. Nicolasen eta Elleren pelikulak energia iluna jariatzen du, modaren izotz-jauregian sartzen da, eta sekulako amildegi banpiriko batera bultzatzen gaitu.