Asteak, beti, arreta berezia eskaini dio zinema japoniarrari. Urtero Astearen programazio ofizialean aurkitu dugu zenbait lanen bidez, baita hainbat ziklo eta argitalpenen bidez ere. Aurten, EU-Japan Fest Fundazioaren eta Japan Foundation-en elkarlanari esker, Japón fantástico, siglo XXI argitaratuko da, Astearen liburuen bildumaren 15. alea –Daniel Aguilarrek eta Antonio José Navarrok koordinatu dute–. Milurteko berria, zalantzarik gabe, J-Horror izenekoaren zeinupean hasi zen. J-Horror honek Japoniako zein mundu osoko fantasiazko eta beldurrezko zinema astindu zuen 90eko hamarkadaren amaieran, The Ring (1997) lanaren arrakastak eragindako boom-aren ondoren. Iragan mendearen amaieran eta XXI.aren hasieran sortu zenetik gaur egun arte zinema honek izan duen bilakaera aztertzen du liburuak.
Asteak koproduzitutako 2000maniacos fanzinea Asia adoretsuenari errespetua eta morrontza izugarria erakusten dion ale berezi bat da. Kanbodiatik Taiwanera, bi Korea, Txina, Filipinak, India, Indonesia, Malasia, Nepal edo Pakistandik igarota. Emakume sugeen, banpiro titiriteroen, gezurrezko zonbien, buru hegalarien, samurai odoltsuen, eta trapuz eta zelofanez egindako munstro erraldoi mutanteen bidaia eroa kontinentean barrena. Zure gurasoek bizilagunei erakusten inoiz utziko ez dizuten ale berezi eta itzel baterako koloretan egindako 100 orrialde. Okerrago haientzat.