Beldurrezko Asteko programazioaren aurrerapena

The Autopsy of Jane Doe

Jarraian urriaren 29a eta azaroaren 4a bitartean ospatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 27. Astean Sail Ofizialean lehiatuko diren zenbait film luzeren aurrerapena.

31 (2016). Rob Zombie. AEB

Bost lagun bahitu eta Murderworld izeneko leku batean giltzaperatzen dituzte urriaren 30ean. Hurrengo gauean –Halloween–, 31 izeneko hil ala biziko joko batean parte hartzera behartzen dituzte. Euren helburua pailazoz mozorrotutako hiltzaile bortitz talde baten aurka 12 orduz borrokatuta bizirik ateratzea da. Gaur egungo beldurraren zuzendari nagusietakoa den Rob Zombie-ren seigarren film luzea da. Rob Zombiek, besteak beste, House of 1000 Corpses (2003), Halloween (2007) edo The Lords of Salem (2012) lanak zuzendu ditu.

El ataúd de cristal (2016). Haritz Zubillaga. Euskadi

Kasurako gaueko janzki dotorez jantzita, Amanda bere etxe aurrean aparkatuta zain duen luxuzko limusina handi batean sartzen da, aktore gisa egindako ibilbideagatik saria emango dioten galara joateko. Bat-batean, leihoetako kristalak beltzez tindatzen dira, Amandaren telefono mugikorrak ez du funtzionatzen eta ezin ditu ateak zabaldu. Ahots batek, leihoak apurtzen gehiago ez saiatzeko eskatzen dio mesedez. Autoaren barruan harrapatuta dagoela lehenbailehen onartzen hastea du onena. Las horas muertas (2007) eta She's Lost Control (2010) film laburrekin sari ugari jaso dituen Haritz Zubillagaren lehen film luzea da.

The Autopsy of Jane Doe (2016). André Øvredal. Erresuma Batua-AEB

Brian Cox-ek eta Emile Hirsch-ek bi forentseren –aita eta semea– papera interpretatzen dute. Euren eskuetara heltzen da soto batean aurkitu berri duten emakume baten gorpua. Emakumeari buruzko ezer ez dakite. Erantzunen bila autopsia egiten dioten bitartean, erantzun argirik gabeko gero eta galdera eta misterio gehiago topatzen dituzte; eta aldi berean, fenomeno bitxiak gertatzen hasten dira. André Øvredal norvegiarrak zuzendutako eta hiru pertsonaia (horietako bat hila dago) protagonista diren beldurrezko filma da. André Øvredalek, duela urte batzuk, Troll Hunter (2010) lan harrigarria zuzendu zuen.

The Eyes of My Mother (2016). Nicolas Pesce. AEB

Basetxe bakartu batean emakume batek –garai batean zirujaua izana Portugalen– Francesca alabari anatomiaren misterioak ulertzen eta heriotzari beldurrik ez izaten irakasten dio. Arratsalde batean, bisitari misteriotsu batek Francescak zeraman familia-bizitza zoriontsuarekin amaitzen du modu beldurgarri batean, neska betirako traumatizatuz baina, aldi berean, beregan jakin-min berezi bat piztuz. Urte batzuk beranduago, Francescaren bakardadeak eta bere orbainek eraginda, neskak bere inguruko munduarekin erlazionatzeko duen gogoa modu bereziki ilunean gauzatzen da. Urteko proposamen iradokitzaileenetako bat. Beldurra zuri-beltzean fadoaren erritmoan.

The Girl with All the Gifts (2016). Colm McCarthy. Erresuma Batua

Onddo batek eragindako gaixotasun batek planetako biztanleen zati handi bat gizatasun osoa galdu duten zombie moduko zerbaitetan bilakatu du. Nolabaiteko immunitatea duen haur-talde bat atxikita dago instalazio militar batzuetan: giza haragia jateko gogoa izan arren, emozioak sentitzeko gai izaten jarraitzen dute. Biologa bat, haur horien bitartez, txerto bat garatzen saiatzen da. Milaka zombiek basea erasotzen dutenean, espezie osoaren salbazioa bilatzeko bidaia hasi beharko dute. Colm McCarthy eskoziarrak zuzendutako M. R. Carey-ren nobelaren moldaketaren protagonistak Gemma Arterton, Paddy Considine eta Glenn Close dira.

The Neon Demon (2016). Nicolas Winding Refn. Frantzia-Danimarka-AEB

Modelo izan nahi duen Jesse gaztea Los Angelesera heltzen denean, edertasunarekin itsututa dagoen emakume talde batek eskura dituen era guztietara haren gaztetasuna eta bizitasuna lapurtzen saiatzen da. Nicolas Winding Refn zinegile daniarraren –Drive (2011), Only God Forgives (2013)– espero izan den film berria da. Aurtengo Canneseko Zinemaldian aurkeztu zen modaren munduan girotutako beldurrezko istorio psikologikoa da, eta Elle Fanning –Maleficent (2014)–, Jena Malone –Inherent Vice (2014)–, Keanu Reeves –The Matrix saga (1999-2003)–, Christina Hendricks –"Mad Men" (2007-2015)– eta Desmond Harrington –"Dexter" (2008-2013)– dira bere protagonistak.

Pet (2016). Carles Torrens. AEB-Espainia

Seth animali abandonatuentzako etxe batean lan egiten duen gazte bakartia da. Zaintzen dituen txakurrak dira bere lagun bakarrak. Egun batean, autobusean, Holly institutuko neska politenarekin egiten du topo, baina honek ia ez du Seth ezagutzen. Hala ere Seth Hollyrekin itsutzen da eta bere atzetik joaten hasten da. Gau batean neska bahitzea eta bere lantokiko sotoan dagoen kaiola batean sartzea erabakitzen du. Carles Torrens katalanak zuzendutako thriller honetan ezer ez da dirudien bezala. Torrens, aspalditik AEBetan finkatuta dago. Bertan, 2011n, Emergo bere lehen film luzea zuzendu zuen; 2014an, berriz, sari ugari jasotako (baita Astean ere) Sequence film laburra.

Sadako vs Kayako (2016). Koji Shiraishi. Japonia

Bi emakume. J-Horror –90ko hamarkadaren amaiera aldera, ez bakarrik Japoniakoa, baita mundu osoko fantasiazko eta beldurrezko zinema astindu zuen fenomenoa– deitutakoaren bi sinbolo nagusiak aurrez aurre. Sadako, The Ring (1997) laneko agerraldia –garai bat markatu zuen bere adats beltzarekin–, eta Kayako, The Grudge (2003) laneko mamua, elkarrekin film honetan. Guztia hasten da, VHS sistematik DVDra pasatzeko bihurgailu bat erosten dutenean eta bere barruan 90eko hamarkadatik zuzenean heldutako zinta bat aurkitzen dutenean. Aldi berean, beste neska gazte bat, bertara sartzen den oro desagertzen dela dioten etxe baten ondora joaten da bizitzera. Beldurrezko zinema japoniarraren festa bat.

Tenemos la carne (2016). Emiliano Rocha Minter. Mexiko

Apokalipsi osteko atmosferako hiri batean, gizon bat, Mariano, bere etxea kobazulo batean eraldatzeko asmoarekin itsutua dago. Egun batean bi anai-arreba, Lucio eta Fauna, heltzen dira janari eta babes bila. Marianok bertan jasotzen ditu, bere haitzuloa amaitzen laguntzeko baldintza jarriz. Lanean eta elkarrekin bizi diren bitartean, elkarren arteko erlazioak nahastu egiten dira, eta irain itsusienak eta suntsitzaileenak, euren gogo ezkutukoenak, euren grina eta beldur ezezagunenak –baita eurentzako ere– azaleratzen dira. Urteko ezustekoetako bat, mundu osoko zinemaldietan harridura eragin duen film aztoragarri, kaltegarri eta iradokitzailea.

Terraformars (2016). Takashi Miike. Japonia

XXI. mendean goroldioz eta labezomorroz betetako espazio-ontzia bidali zuten Martera, bizitzeko atmosfera egokia sorrarazteko asmoz. 500 urte beranduago, itzultzean zigorra konmutatuko dieten presoen espedizio bat planeta gorrira bidaltzen dute labezomorroekin bukatzeko eta planeta kolonizatzeko. Baina intsektuek eboluzionatu dute, tamainaz handitu dira, hiltzeko makina bihurtu dira eta... gizakiak gorrotatzen dituzte. Manga homonimoaren egokitzapena, milurteko berriaren fantasiazko zinema japoniarreko zuzendari nagusietakoa den Takashi Miikeren eskutik. Miikek, besteak beste, Audition (1999), Visitor Q (2001), Zebraman (2004) edo Yakuza Apocalypse (2015) lanak zuzendu ditu.

Train to Busan (2016). Yeon Sang-ho. Hego Korea

Seok-woo Seulen bizi da, dibortziatua eta bere lanarekin kezkatua. Lanak ez dio Su-an alabarekin berak nahiko lukeen denbora guztia egoten uzten. Urtebetetze-opari gisa, Busan-era ama ikustera eramatea erabakitzen du, eta bertara joateko KTX trena hartzen dute. Baina bidean birus misteriotsu bat treneko bidaiariak infektatzen hasten da, herrialde osoan gertatzen ari den moduan. Birusak bidaiariak zombie oldarkor bihurtzen ditu. Kutsatu gabe geratzen den hiri bakarra Busan da. Bertatik 453 kilometrotara daude. Yeon Sang-ho zuzendariaren eskutik, salbazioa lortzeko bidaia frenetikoa. Sang-hok irudi errealeko bere lehen filma zuzentzen du. Sang-ho The Fake (2013) edo Seoul Station (2016) –honekin zombien filmeen diptiko moduko bat osatzen du– bezalako lanak zuzenduta animazioko zineman aditua da.

The Wailing / Goksung (2016). Na Hong-jin. Hego Korea-AEB

Atzerritar bat Koreako herrixka txiki eta lasai batean agertzen da. Inork ez daki noiz eta zergatik iritsi den. Atzerritarraren inguruan mota guztietako esamesak sortzen hasten dira eta, aldi berean, hilketak bata bestearen atzetik gertatzen dira. Bertako biztanleak elkarren artean hiltzen ari dira arrazoi ulertezinen ondorioz. Zorigaitza herriaren gainera jauzi dela dirudi. Bertako polizia zabar batek kasua aztertzen du, euria etengabe ari duen bitartean. Bat-batean bere alaba desagertu egiten da. Na Hong-jinek zuzendutako thriller indartsua eta mingarria. Zuzendari honek berak The Chaser (2008) eta The Yellow Sea (2010) lanak egin ditu.

  • San Sebastián, ciudad de la cultura - donostiakultura.eus
  • Donsotiako Udala / Ayuntamiento de San Sebastián
  • Donostia - San Sebastián 2016