Donostia Kultura
Donostiako Udala

Theda's Vamp – Medicine Show

theda baraXX. mendearen egunsentitik denborazko ozeanoak zeharkatuz, Theda Bara ikuskizun misteriotsua iritsi da hirira: mitoen eta legenden show bat, zuen hiri lirain hau suntsitzen duten gaitzetako bakoitzarentzako behin betiko irtenbidearekin.

Gure zirkuak sendabidea, ukendua eta tratamendu sekretua ekartzen baititu. Eta arima atsekabetzen duen guztiak izango du osabidea. Gaitz orotarako osabide bakar bat saltzen dugu guk. Prezio polita, halako sendabide baten truke...

Eta ez, ez ezazuela pentsa ameskeria makur horietako bat denik, beste asko eta asko bezala. Theda Bararen Show Medizinalak benetako hilezkortasunaren sekretua baitu gordeta. Bai, ondo irakurri duzue. Hilezkortasuna. Eta pausu txiki bat eman, besterik ez duzue egin behar...

Zatozte, hurbildu zaitezte gure ikuskizun ilun honetara! Eta egon adi, entzun eta gozatu Thedaren aholku zuhurrak, gure zeremonia-maisu kuttunarenak. Ez da beste aukerarik izango. Antzezpen bakarra hirian!

O, Theda handia! Zinemako mito ahaztua. Lehendabiziko vampa, beragandik jaio izan baitira gainerako guztiak. Amaiera goibela duten 43 pelikulako erabateko izarra. Sute baten ondoren errauts bihurtu baitzen zure zeluloide guztia ia...

Arima galduen gure inauteriak, ordea, ez zaitu ahazten eta erakustaldi bikoitz batekin egin nahi dizugu omenaldi:

  • Karpak: 17:00etatik. Tailer banpirikoak familia guztiarentzat. Ikas ezazu aurpegia zurbiltzen Thedaren larruazal kolorea hartu arte, sortu itzazu zure hilezkortasun edabeak eta zeure hilkutxa bera ere nola eraiki esango dizugu, hori bai, poltsiko tamainakoa.

  • Eszenatokia: 18:00etatik. Musika emanaldiak zuzenean, antzerkiarekin nahastuta. Erabateko ikuskizun honetan Thedaren bizitza eta mirariak kontatuko dizkizugu. Eta ez ahaztu gure fanzine kolaboratiboa, benetako vamp bat izateko errezeta sekretua jasota duena. Besteren artean, Uruguaiko Ojos del cielo taldeak joko du, urte batzuk eta gero Astera bueltan datorkiguna.

Bulevarreko kioskoa
urriak 28
17:00: Tailerrak
18:00: Zuzeneko emanaldiak

Super Amara San Martín
urriak 28
17:00: Theda's Skeleton Show

Araña Araña