Pedro Usabiaga komisario duen argazki erakusketa honek hirurogeita hamarreko urteetan Espainiako beldurrezko zineman lan egin zuten antzezleengana hurbiltzen da. Aurtengo Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen kartelarekin lotuta –María José Cantudo da bertan protagonista–, erakusketa honek omenaldi egin nahi dio urrezko aroa urte haietan bizi izan zuen generoari, non nahasi egiten baitziren fantasiazko zinema, destapea eta askatasun grina, gerorako edertasun handiko irudiak uzteaz gainera. Filmaketetako argazkiek, promoziorako irudiek eta garaiko eta ondorengo erretratuek osatzen dute erakusketa, platoetan edo hainbat zinemalditan eginak, besteren artean Donostiakoan, obra batean baino gehiagotan ikusi ahal izango dugunez gero.
Ágata Lys, Soledad Miranda, Ewa Aulin, Inma de Santis, Maria Perschy, María José Cantudo bera, eta Chris Mitchum, Renaud Verlay edo Espartaco Santoni antzezleak dira, besteak beste, argazki erakusketa honetako protagonistak, kontuan hartuta argazki horietako asko ezezagunak direla, Europako artxibo eta bildumetatik etorriak.
Okendo K. E.
Nafarroa etorbidea 7
urriak 28 – abenduak 9
astelehenetik larunbatera (jai egunak salbu): 10:00 – 14:00 / 16:30 – 20:00
urriak 29 eta azaroak 1: 11:00 – 14:00 / 17:00 – 20:00
Historia osoan zehar beldurrezko zinemaren pertsonaia ikonikoetako bat den Drakula kondeari eskainitako erakusketa. Hamasei artistak, pisu handikoek eta artista berriek, komikian, ilustrazioan eta diseinuan dihardutenek, irudiak sortu dituzte pertsonaia mitikoan eta bere erotismo eta misterio aureolan inspiratuta, Ink of Dracula – A Comic Tributen.
Zinegile eta komiki egile Borja Crespok koordinatu eta Sitges – Festival Internacional de Cinema Fantàstic de Catalunyak ekoiztutako erakusketa honek artista hauen arte banpirikoa bildu du: Carla Berrocal, Natacha Bustos, Olga de Castro, Sara Bea Delgado, Genie Espinosa, Ana Galvañ, Susanna Martín, Raquel Meyers, Klari Moreno, Mamen Moreu, Mireia Pérez, Miriampersand, Ana Oncina, Ana Belén Rivero, Clara Soriano eta Sandra Uve.
Bestalde, erakusketak atal berezi bat hartu du bere baitan, Cels Piñolen eta Chema Pamundiren Fanhunter: Dráculari eskainia: umorezko, beldurrezko eta zientzia fikziozko istorio bat, Sitgeseko Zinemaldian garatzen dena eta sagako emanaldi arrakastatsuenetako bat bilakatua, baita gutiziatuenetako bat ere bildumagileen artean. Aurten 25 urte betetzen ditu eta Gigamesh-ek berrargitaratu du.
Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoa
San Jeronimo
urriak 28 – azaroak 12
astelehenetik ostiralera: 17:00 – 20:00
asteburuak eta jai egunak: 11:00 – 14:00 / 17:00 – 20:00
Ernest Salaren El guardián invisible eta Legado en los huesos nobela grafikoen inguruko erakusketa, Dolores Redondoren La Trilogía del Baztáneko aurreneko bi nobelen egokitzapen grafikoarena (hirugarren nobela grafikoa, Ofrenda a la tormenta, prestatzen ari da orain).
Nobela horiek istorio kriminal bat aurkezten dute, non, Amaia Salazar inspektorearen eskutik, fantasiazko eta beldurrezko osagaiez jositako Baztan batean murgiltzen baiten irakurlea. Mari, Lamia, Tarttalo edo Basajauna bera izango dira bertan agertzen diren pertsonaia mitologiko/fantastikoetako batzuk.
Erakusketa hau Salaren obren originalez osatuta dago eta bertan egileak pintzelaz tindatutako lan bikainak ikusteko aukera izango dugu. Gainera, egilearen beste obra batzuk ere ikusi ahal izango ditugu, fantasiazko eta beldurrezko gaiei heltzen dien bere lanaren beste fazeta batzuk ezagutzeko.
Ernest Sala Oloten (Girona) bizi izan zen 18 urte zituen arte, eta ondoren Bartzelonara joan zen JOSO eskolan Arte Grafikoak ikastera. Komikian eta ilustrazioan espezializatua, taldeko hainbat bildumetan –Barcelona TM (Norma Editorial), El vendedor de humo (NoBanda), Barcelona viste de negro (Norma Editorial), AK-47 (Norma Editorial)…– lan egin izan du, besteak beste Rakel Archer, Santi Navarro, Enrique S. Abulí eta Sergio Colomino gidoigileekin. Istorioak marraztu izan ditu Álex Ogallaren gidoiekin Cthulhu (Diàbolo Edicions) beldurrezko aldizkarirako, eta gazte literaturako liburuak ilustratu izan ditu, Peliculibros 3D (Hidra editorial) saila, besteren artean. Freelance ilustratzaile gisa ere kolaboratu izan du Estudio Fénix-erako 2010 eta 2016 urte bitartean, eta enkarguak egin izan ditu Lévalo Studio-rako publizitatean. El guardián invisible (Planeta) obra komikira eraman du, bere aurreneko lana egile osatu gisa.
Udal Liburutegi Nagusia
Alderdi Eder
urria 28 – azaroa 18
astelehenetik ostiralera: 10:00 – 20:30
larunbatak: 10:00 – 14:00 / 16:30 – 20:00
Enrique V. Vegas marrazkilaria eta ilustratzailea Segovian jaio zen. Hala ere, berehala joan zen Madrilera bizitzera, eta Publizitateko Artea ikasi eta animazioan lanean hasi zen bertan. 2001ean superheroien bere aurreneko parodiak argitaratu zituen bakarka, baita arrakasta zinematografikoak lortu ere. Hala, superdeformed japoniarren hurbileko pertsonaia kutunetan erraz antzemateko moduko estiloa garatzen jardun zuen. Garai hartako bere lanetako batzuk ditugu Espiderman, Julk, Patrulla X edo Matris, Japonia feudalean girotutako sail pertsonalago batekin txandakatu zituenak: Kobe (2003). 40 tituluk baino gehiagok osatzen dute bere obra. Egile Errebelazioa ataleko publikoaren saria irabazi zuen Saló de Barcelona 2004an eta marrazkilari onenaren sarirako izendatu zuen kritikak hurrengo urtean. Hainbat erakusketa eskaini izan zaizkio bere lanari nazio nahiz nazioarteko mailako komiki saloietan.
FNAC
San Martin Zentro Komertziala
Urbieta 9
urriak 16 – azaroak 30
astelehenetik larunbatera: 10:00 – 21:30
Bizitzan, une jakin batzuetan, baldintza berezi batzuk sartzen dira jokoan, unea abagune eta bitartekoa mezu bihurtzen dituztenak. More Than Dis(Play) erakusketak leku ikoniko batean du bere sorburua, TOPIC museoan alegia, Art Toy unibertsoari buruzko diskurtso kontzeptual berezkoarekin eta erakusketa modura adierazia, mezuarekin bat etorriz.
Zergatik aldi baterako erakusketa bat Art Toy-en inguruan Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa bezalako espazio batean? Txotxongiloen eta Art Toy-en arteko lotura ez da ausazkoa. Gizakiak betidanik izan ohi du bere kidekoekin elkar ekintzan aritzeko premia, bere ideiak eta bere kontakizunak adieraztekoa. Eta hortxe gurutzatzen dira txotxongiloaren historia eta Art Toy-arena, helmuga berera iristeko bide desberdinak aukeratu izan badituzte ere. Txotxongiloen kasuan, gizakia bera bezain zaharra den antzerki modura. Art Toy-en kasuan, berri, XX. mendeko laurogeita hamarreko urteen amaieran sortuak direla kontuan hartuta, Interneten eta sare sozialen, eta bestelako teknologia eta aplikazioen… unerik gorenean, mugimenduarekin jaio dira, bizitza propio batekin, istorio batekin, jadanik.
Topic
Tolosa (Euskal Herria Plaza 1)
urriak 21 – martxoak 4 (2018)
asteartetik ostiralera: 10:00 – 13:00 / 16:00 – 19:00
larunbatak, igandeak eta jai egunak: 10:00 – 14:00 / 15:00 – 19:00
Ipuin klasikoak eta ipuin berriak; tradizionalak edota gaur egungoak. Orain dela hainbat eta hainbat urte, egun ezagutzen ditugun ipuinak beste modu batera kontatzen ziren. Denborak aurrera egin ahala, ordea, aldatzen joan dira, gaur egunera egokitzen, eta bidean ipuin berriak sortu dira.
Art Toy, Egile Jostailuak izenaz ere ezaguna, da ondoren aurkezten ditugun argazki eta infografietako protagonista. Hain zuzen, istorio eta mezu jakin bateko pertsonaiak dira, berezko narrazioekin. Literatura, komikiak eta artean ere onairritu daitezke. Sorkuntza garaikideak dira, eta amankomunean ezaugarri bat duten mugimendu edota korronte artistikoen parte da: jostailuen itxura edo estetika.
Kutxa Kultur Plaza
Tabakalera
urriak 17 – azaroak 19
astelehenetik asteazkenera arte: 08:00 – 22:00
ostegunak: 08:00 – 23:00
ostiralak: 08:00 – 00:00
larunbatak: 10:00 – 00:00
igandeak eta jai egunetak: 10:00 – 22:00