Donostia Kultura
Donostiako Udala

“Errementari” filmak inauguratuko du Donostiako Beldurrezko Zinemaren Astea urriaren 28n

Errementari

2017.09.14

Urriaren 28an, larunbata, inauguratuko da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 28. Astea Antzoki Zaharrean, Paul Urkijo Alijo zinegile gasteiztarrak zuzendutako Errementari (2017) filmaren proiekzioarekin. Emanaldi horrekin estreinatuko da filma Euskadin, Sitgeseko Zinemalditik igaro ondoren.

Urkijoren lehenengo film luzea, Alex de la Iglesia, Luis de Oza, Carolina Bang eta Kiko Martinezek (Kinoskopik, Pokeepsie, Gariza, Nadie es Perfecto, Ikusgarri Films eta frantziako The Project ekoiztetxeekin batera) ekoiztutako film bat da.

Kandido Uranga, Uma Bracaglia, Eneko Sagardoy eta Ramon Agirrek antzeztuta, euskal flokloreko Patxi Errementaria pertsonai mitikoan inspiratuta eta euskaraz filmatua den ipuin gotiko bat da.

10 urte igaro dira 1833ko Lehen Karlistaldiaren ondoren. Arabako herrixka batean, gobernuko komisario bat, Alfredo izenekoa, gertakari bat ikertzen ari da. Ikerlan horrek zorigaiztoko errementeria batera eramango du, baso baten barrenera, non Patxi izeneko errementari arriskutsu eta bakarti bat bizi baiten. Inguru horretako herritarren ahotik hari buruzko istorio ilunak entzun ohi dira, lapurretekin, hilketekin eta deabruarekin egindako itunekin lotutakoak. Hala, ustekabean, Usue izeneko neskatila umezurtz batek errementeria misteriotsuan sartzea lortuko du, eta hala aterako da argitara Patxi Errementariaren atzean dagoen egia izugarria.

Paul Urkijok aurretik hainbat film labur zuzendu izan ditu, besteak beste, Ohe azpiko zera (2011), Monsters Do Not Exist (2012) edo El bosque negro (2015), lehena eta hirugarrena Astearen aurreko edizioetan proiektatuak.

Araña Araña