Donostia Kultura
Donostiako Udala

Beldurrezko Asteko programazioaren aurrerapena

The Crucifixion

2017.09.14

Jarraian urriaren 28a eta azaroaren 3a bitartean ospatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 28. Astean Sail Ofizialean lehiatuko diren zenbait film luzeren aurrerapena.

Les Affamés (2017). Robin Aubert. Kanada

Quebeceko herri txiki batean gauzak aldatu egin dira. Bertako biztanleetako batzuk, gero eta gehiago, ez dira lehen izan ohi zirenak. Haien gorputzak desegiten ari dira eta haragizale porrokatu bihurtu dira. Affamés, gosetiak, deitzen diete. Bizirik atera diren gutxi batzuk haiengandik ihes egiten saiatzen ari dira. Zonbiak Quebeceraino iritsi dira look errealistaz jantzitako ekoizpen honetan, eszena odoltsuekin, zentzugabeko umore tarteekin eta azken itxaropen bihurtuko diren antiheroiekin.

Bad Black (2016). Nabwana I.G.G. Uganda

Ongietorri Wakaliwood-era, "da best of da best movies" ekoizten diren lekura. Duela urte batzuk, Kampalako aldirietan, Ugandan, zinezale eta borroka arteen zale talde batek, Nabwana Isaac Godfrey Geoffrey buru dela, ekintza, kung-fu eta fantasiazko pelikulak artisau erara, eta umore handiz eta batere lotsarik gabe filmatzeari ekin diote aurrekontu barregarriekin. Joan den urtean Texasen, Austingo Fantastic Fest-en publikoaren saria jaso zuen film honetan, Wesley Snipes izeneko getoko gazte batek mediku txepel bat entrenatuko du haren familia salbatzeko.

Before We Vanish (2017). Kiyoshi Kurosawa. Japonia

Egun batzuk desagertuta egon ondoren, Shinji zeharo aldatuta itzuli da etxera. Alde egin zuenean, bere emazte Narumirekin zuen harremana krisialdi larri batean zen; orain, maitagarria eta adeitsua da Shinji bere emaztearekin eta bere pasealdietan topatzen dituen guztiekin. Aldi berean, bortizki hil dute familia bat hirian. Kazetari batek hilketa ikertzeari ekin dio. Giza arimaren ezkutuko zokoetan barrena sartzen den zientzia fikziozko fabula hau Japoniako zinemaren azken hamarkadetako zuzendari gailenetako baten lana dugu –berak zuzenduak dira Journey to the Shore (2014), Creepy (2016) edo Le Secret de la chambre noire (2016)–.

Black Hollow Cage (2017). Sadrac González-Perellón. Espainia

Alice, hamahiru urteko neskatila bat, bere aita Adamekin bizi da basoaren erdian, etxe izugarri handi batean, ama eta bere eskuineko besoaren zati bat trafiko-istripu batean galdu ondoren. Alice bere baitara bilduta dago. Gorroto dio aitari, hari leporatzen baitio istripua, gorroto dio errehabilitazioari eta gorroto dio beso elektroniko berriari, eraman beharrean dagoenari baina ia maneiatzen ez dakienari. Neskatilak lotura estua du Beatricerekin: otso zakur eme bat, lepotik zintzilik daraman itzulpen-gailu elektroniko baten bitartez hitz egiten duena, eta hark "ama" deitzen diona.

The Crucifixion (2017). Xavier Gens. AEB

Egiazko gertaeretan oinarritua, The Crucifixion filmak apaiz baten istorioa kontatzen digu. Exorzismo saio bat egiten ari zitzaion moja bat hiltzeagatik Errumanian dago apaiza espetxeratuta. Nicole Rawlins kazetariak ikertzen dihardu jakin nahian burutik gaixo zegoen pertsona bat hil ote zuen edo, aitzitik, akusazioak faltsuak ote diren eta deabru baten presentziaren aurkako borroka bat galdu ote zuen besterik gabe. Hala, baliteke presentzia hori kazetaria bera bizitzen aritzea... Xavier Gens frantsesak zuzendua, generoko azken hamarkadetako klasikoetako batek, alegia –Frontière(s) (2007), The Divide (2011) edo aurten bertan Cold Skin (2017) zuzendu izan ditu–.

The Endless (2017). Justin Benson, Aaron Moorhead. AEB

Justin eta Aaron anaiek ihes egin zuten hazi izan ziren sektatik. Urte batzuk eta gero, bideo zinta bat jasoko dute haien "familia" izan zen horretatik. Euren artean liskar ugari izan ondoren, bizitza erdia baitaramate leku hura ahazten saiatzen, itzultzea erabakiko dute zer gertatzen ari ote den jakiteko. Bertan direla, azaldu ezin diren hainbat fenomeno gertatzen hasiko dira elkarren segidan, eta dena berriro planteatzera eramango ditu egoera horrek. Justin Benson eta Aaron Moorhead Astera itzuli dira, non aurretik Resolution (2012) eta Spring (2014) beren film luzeak proiektatu izan diren.

Jupiter's Moon (2017). Kornél Mundruczó. Hungaria-Alemania

Aryan errefuxiatu siriar bat da, bere aitarekin eta beste migratzaile batzuekin batera Hungariako muga zeharkatzen saiatzen ari dena. Poliziak tiro egin diete eta Aryan jo dute. Zauriek, ordea, ez dute hilko; horren ordez, lebitatzeko ahalmen harrigarria emango diote. Errefuxiatuen eremu batean itxita, ihes egitea lortuko du Stern doktorearen laguntzarekin, zeina Aryanek bereganatu berri dituen mirarizko ahalmenei etekina ateratzen saiatuko baiten. Aurretik White God (2014) boteretsua zuzendu zuenaren thriller honetan nahastu egiten dira naturaz gaindikoa eta tragedia garaikide handienetako bat.

Meatball Machine Kodoku (2017). Yoshihiro Nishimura. Japonia

Estralurtar odolzale batzuek, planeta konkistatu nahian, Tokioko auzo bat inbaditu dute. Cyborgs direlakoek hiltzaile bihurtuko dituzte bertako biztanleak, eta hala, aurrean jartzen zaien guztia akabatzeari ekingo diote. Zor-kobratzaile txepel bat, necroborg horien ahalmenek eragingo ez diotena gaixotasun terminal bat duelako, giza arrazaren azkeneko itxaropen izpia izango da 2005eko originalaren remake honetan. Efektu berezien maisu Yoshihiro Nishimura da zuzendaria, generoko zinegile japoniar gailenenekin lan egin izan duena –berak zuzenduak dira Astean proiektatu izan diren Tokyo Gore Police (2008) edo Vampire Girl vs Frankenstein Girl (2009) filmak–.

The Osiris Child: Science Fiction Volume One (2016). Shane Abbess. Australia

Gertatzeko zorian den krisi bat Osiris planetako biztanle guztien bizitza mehatxatzen ari denean, Sommerville tenienteak, kolonia kudeatzen duen eta berau akabatzekotan den Exor konpainiarentzat lanean ari denak, berehala ekin dio lanari egun horietan bertara bisitan etorri zaion alaba salbatzeko. Ihes egin berri den Lombrock presoarekin eta bidean jasotzen doan beste kide batzuekin batera, izaki izugarri batzuei egin behar izango diete aurre helburua lortzeko: neskatila salbatzea. Ekoizpen australiarra, Kellan Lutz, Daniel MacPherson, Rachel Griffiths eta Temuera Morrison protagonista dituena.

Los resucitados (2017). Arturo de Bobadilla. Espainia

Madril, 1994. Hasia da Arturo de Bobadillaren Los resucitados film luzearen filmaketa, Gustavo Adolfo Bécquerren kondairetan inspiratuarena: misterioz jositako proiektu bat, beste askoren artean Santiago Segurak eta Paul Naschyk parte hartu dutena. Pelikula formatu desberdinetan filmatzen da eta 1997an editatu. Batzuek diotenez, urte hartako Beldurrezko Astearen esparruan izandako emanaldi pribatu batean ikusi omen zuten. Handik gutxira, desagertu egingo da aurreneko kopia eta, antza, ezin aurkitu jatorrizko materialak. Bi hamarkada beranduago, agertu egingo da filmaketaren materiala eta berriro editatuko da jatorrizko gidoitik abiatuta.

Revenge (2017). Coralie Fargeat. Frantzia

Hiru gizon aberats urtero egiten duten ehiza-jokorako bildu dira basamortuaren erdian. Oraingo honetan, haietako batek bere maitalea ekarriko du, berehala beste bien interesa piztuko duena. Gauzak, ordea, dramatikoki konplikatuko dira harentzat... Hiltzat emana eta ezerezaren erdian abandonatua, berpiztu egingo da emakume gaztea eta ehiza-jokoa mendeku gupidagabe bat izango da azkenean. Coralie Fargeat errealizadore frantsesaren opera prima, Matilda Lutz aktoresa italiarrak protagonizatua.

Araña Araña