Erresuma Batua. Zuzendaritza: Terence Fisher. Ekoizpena: Anthony Hinds / Hammer. Gidoia: Jimmy Sangster. Argazkia: Jack Asher. Musika: James Bernard. Muntaketa: James Needs. Aktoreak: Peter Cushing, Christopher Lee, Hazel Court, Robert Urquhart, Valerie Gaunt. Iraupena: 83 min
HIZKUNTZA: ingelesa / AZPITITULUAK: euskara
Gela batean dago heriotzaren zain Victor Frankenstein baroia, zenbait pertsona hiltzeaz akusatuta heriotza-zigorra ezarri baitiote. Apaiz batek bisitatuko du eta doktoreak kontatuko dio, urteak ikertzen eta esperimentatzen eman ondoren, izaki bat sortu zuela gorpu-zatiekin, eta izaki hori dela leporatzen zaizkion heriotzen benetako egilea. Film honek ematen dio hasiera (handikiro eta koloretan) Hammer ekoiztetxe britainiarraren beldurrezko ziklo zoragarriari; izan ere, ekoiztetxe hau betiko goratu da generoaren aldareetara batik bat 50eko eta 60ko urteetako bere beldurrezko filmen sailari esker ‒gailenenak Terence Fisherrek zuzenduak eta Cushing/Lee bikoteak protagonista dituztenak‒, non fantasiazko mito ospetsuenetako batzuk eraman zituen zinera.