AEB-Japonia-Erresuma Batua. Zuzendaritza: Kenneth Branagh. Ekoizpena: Francis Ford Coppola, James V. Hart, John Veitch / TriStar Pictures, Japan Satellite Broadcasting (JBS), The IndieProd Company, American Zoetrope. Gidoia: Steph Lady, Frank Darabont. Argazkia: Roger Pratt. Musika: Patrick Doyle. Muntaketa: Andrew Marcus. Aktoreak: Kenneth Branagh, Robert De Niro, Tom Hulce, Helena Bonham Carter, Aidan Quinn. Iraupena: 123 min
HIZKUNTZA: ingelesa / AZPITITULUAK: euskara
Coppolaren Bram Stoker's Dracula (1992) filmaren ondoren, beldurrezko obra klasikoak zinera eramaten jarraitzea erabaki zuen Columbia etxeak, eta Mary Shelleyren nobelaren orain arteko moldaketarik zehatzena ekoiztu zuen. Artikoko izotzetan hasten da guztia. Bertan, Ipar Polora iristen ahalegintzen ari den ontzi batek, Robert Walton kapitain duenak, bakarrik dabilen gizon bat aurkitu du. Erreskatatzen duenean bere izena esaten die, Victor Frankenstein, eta urte batzuk lehenago Genevan hasi zen bere istorioa kontatzen die. Gailentzen hasia zen Kenneth Branaghek zuzendu eta protagonizatu zuen mitoaren eguneratze ikusgarri hau.