AEB. Zuzendaritza: Emma Tammi. Ekoizpena: Christopher Alender, David Grove Churchill Viste / Soapbox Films, Divide/Conquer. Gidoia: Teresa Sutherland. Argazkia: Lyn Moncrief. Musika: Ben Lovett. Muntaketa: Alexandra Amick. Aktoreak: Caitlin Gerard, Julia Goldani Telles, Ashley Zukerman, Dylan Mctee, Miles Anderson. Iraupena: 90 min
HIZKUNTZA: ingelesa / AZPITITULUAK: gaztelania
Hainbeste maite dugun genero baterako garai eta modu berriak: westerna. The Hateful Eight (2015) ondoren iritsi zaizkigu The Rider (2017) eta The Sisters Brothers (2018). Eta hona hemen ondo baino hobeto prestatutako neska berri baten proposamena, Emma Tammirena: Mendebaldeko film bat, barruan beldurra sartuta duena; horror-western ariketa huts-hutsa, eskarmentu handiko beste emakume baten gidoiarekin, Teresa Sutherlandenarekin. Elkarrekin batera, aktore bikain bat lagun dutela, Caitlin Gerard ‒Walter Hillen The Assignment (2016) eta azkeneko Insidious: The Last Key (2018) filmetan izan zen‒ indarrak batu dituzte mugari eta isolamenduari buruzko istorio bat kontatzeko, eta pertsonaia bat sortu dute, trebea orratzarekin eta azkarra erriflearekin. Mendebalde basati eta urrun horretako leku bakartietan airean dabiltzan indar ilunak bakarrik ausartuko dira aitzindari honi aurka egitera.