Donostia Kultura
Donostiako Udala

Beldurrezko Asteko programazioaren aurrerapena

The House That Jack Built

2018.09.13

Jarraian urriaren 27a eta azaroaren 2a bitartean ospatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 29. Astean Sail Ofizialean lehiatuko diren zenbait film luzeren aurrerapena.

Abrakadabra (2018). Luciano Onetti, Nicolás Onetti. Argentina

Dante Handia, izen handiko magoa, istripuz hil da magiako truko arriskutsu bat egiten ari zen bitartean. Hogeita hamabost urte geroago, haren seme Lorenzok ‒magoa bera ere‒ ikuskizun bat aurkeztuko du hiriko antzoki ospetsuenetako batean. Hortik aurrera hilketak gertatuko dira elkarren segidan, hari leporatzen saiatuko direnak. Gehiegi luzatu gabe Lorenzok jakin beharra du nor eta zergatik dabilen bera tartean sartu nahian... Sonno profondo (2013) eta Francesca (2015) filmen ondoren, honekin ixten dute Onetti anaiek giallori omenaldi egiten dion trilogia.

El año de la plaga (2018). C. Martín Ferrera. Espainia-Mexiko-Belgika

Irenerekin hautsi eta gero, Víctorren lagunak tematuta dabiltza hari neska-lagun berri bat bilatu nahian; hark, ordea, ez du Irene ahaztu nahi, ezta Lola agertuko denean ere. Bat-batean, deitu egiten dio Irenek, urduri, eta laguntzeko eskatzen dio bere inguruko jendearen portaera aldatu egin delako, haien oroimenak eta emozioak galdu izan balituzte bezala. Bere bizitza markatu duten pelikulen eta serieen eraginpean, Víctor ez da gai izango gertatzen ari denari arrazoizko azalpen bat emateko. Marc Pastorren nobelaren moldaketa, Iván Massagué, Ana Serradilla eta Miriam Giovanelli protagonista dituena.

Border / Gräns (2018). Ali Abbasi. Suedia-Danimarka

Tina aduanako agente bat da, bere eraginkortasunagatik eta duen aparteko usaimenagatik ezagun. Norbait errudun denean, hari berehala usaina hartzeko gai dela dirudi. Vore ‒susmagarri dirudien gizon bat‒ bere ondotik pasatzen denean, ordea, erronka bati egin behar izango diote aurre bere dohainek. Tinak ondo daki zerbait ezkutatzen duela Vorek, baina ez du lortzen jakitea zer den. Eta, aldi berean, halako erakargarritasun berezia sentitzen du harengan. Ali Abbasi (Shelley, 2016) irandarrak zuzendutako bigarren film luzea, Let the Right One In nobelaren egile John Ajvide Lindqvisten kontakizun batean oinarritua.

The Dark (2018). Justin P. Lange. Austria

Duela hamarkada batzuk hil zuten nerabe bat mundutik bakartuta dagoen leku batean bizi da, bere familiaren etxearen eta basoaren artean. Bertan, inguratzen den guztia hiltzen eta irensten aritzen da. Egun batean, bere biktimetako baten autoaren maletategian, mutiko itsu bat aurkituko du, bahitua eta torturatua izan dena. Biak izan dira sekulako abusuen biktima, eta elkar aditze eta adiskidetasun harreman sendo bat sortzen da bien artean. Justin P. Lange estatubatuarrak zuzendutako lehenengo film luzea, bere aurreneko film labur homonimotik sortua (2013ko Astean proiektatu zen).

Ghostland (2018). Pascal Laugier. Kanada-Frantzia

Paulinek eta bere bi alabek etxe bat heredatu dute bere izeba hil eta gero. Bertan emango duten aurreneko gauean bikote arrotz batek erasoko ditu, eta borroka egin beharko du Paulinek alabak salbatzeko. Une horrek betiko markatuko du familia osoa eta bereziki bi neskak: Beth beldurrezko nobelen idazle arrakastatsua izango da eta Vera etengabeko amesgaizto batean biziko da harrezkero. 16 urte geroago, hiru emakumeek egingo dute topo etxe hartan berriro, Pascal Laugier frantsesak –Martyrs (2008), The Tall Man (2012)– zuzendutako film berri honetan.

The House That Jack Built (2018). Lars von Trier. Danimarka-Suedia-Frantzia-Alemania

Estatu Batuak, 70eko hamarkada. Ikusleok 12 urtez jarraitzen diogu Jacki (Mat Dillon), serieko hiltzaile karreran gailentzera eraman duten bost ezbeharren, bost krimenen bitartez. Jacken ikuspegitik kontatzen da istorioa. Bere hilketa bakoitza artelan bat da berez Jackentzat, duen disfuntzionaltasunak arazo ugari sorrarazten badizkio ere mundu errealean. Lars von Trier –Antichrist (2009), Melancholia (2011), Nymphomaniac (2013)– bete-betean murgiltzen da beldurrezko zineman istorio lehor eta kontzesiorik gabeko honekin: "Urte askotan aritu naiz emakume zintzoei buruzko pelikulak egiten, gizon maltzur bati buruzko bat zuzendu dut orain".

Inuyashiki (2018). Shinsuke Sato. Japonia

Ichiro Inuyashikik bulego batean egiten du lan eta haren bizitza kaskarrak ezin okerragoa izan. Bere familiak eta lankideek gutxietsi egiten dute, inork ez dio kasu egiten, ez eta minbizi terminala diagnostikatzen diotenean ere. Momentu horretan, argi batek dirdira egiten du zeruan, eta Inuyashikiren gainean erortzen da. Hurrengo goizean, zeharo osatuta esnatzen da, eta inoiz baino hobeto. Hala, laster konturatzen da cyborg bat dela orain. Manga homonimoaren moldaketa, Shinsuke Satok –I Am a Hero (2015), Death Note: Light Up the New World (2016)– zuzendua.

Mandy (2018). Panos Cosmatos. AEB

Red Miller egurgile bat da eta pozik bizi da basoan Mandyren ondoan; bere bizitzako maitea. Bizimodu lasaia eta xumea da haiena, bakean bizitzen saiatzen baitira izan duten lehenaldia ahaztu nahian. Baina haien historia hautsi egiten da sekta erlijioso batek Mandy hiltzen duenean. Orain, helburu batekin bizi da Red: maniakoen talde hori jazarri eta sarraskitzea. Haren nahi bakarra: mendekua. Film honek infernuan barrena murgiltzen gaitu Panos Cosmatosen –Beyond the Black Rainbow (2010)– eta Nicolas Cageren eskutik.

Muere, monstruo, muere (2018). Alejandro Fadel. Argentina-Frantzia-Txile

Andeetako eskualde urrun batean emakume baten gorpu bat aurkitu dute, burua moztuta. Cruz, landa-poliziako ofiziala, arduratuko da ikerketaz. David, Cruzen maitale Franciscaren senarra, berehala izango da susmagarri nagusia. Ospitale psikiatriko batera bidaliko dute eta "munstroari" leporatuko dio krimena. Hala, amarru korapilatsu batean ikusiko du bere burua Cruzek, tartean direla paisaiaren geometria, mendiko motozale talde bat eta bere buruan behin eta berriro errepikatzen den mantra bat: "Hil zaitez, munstro hori, hil zaitez"...

One Cut of the Dead (2017). Shinichiro Ueda. Japonia

Biltegi abandonatu batean hasten da filma, zonbien pelikula bat filmatzen ari diren lekuan. Ez da edozein leku; aspaldi batean esperimentu militar batzuk egin omen ziren bertan. Bat-batean, benetako zonbiak agertzen hasiko dira eta filmaketako talde osoa erasoko dute. 37 minutuko plano/sekuentzia batek ematen dio hasiera film harrigarri honi. Shinichiro Uedak zuzendutako pelikula hau, antzezle ez profesionalak protagonista dituena, hildako bizidunen eraso batekin hasten da urteko komedietako bat izaten amaitzeko.

Summer of '84 (2018). François Simard, Anouk Whissell, Yoann-Karl Whissell. Kanada-AEB

1984ko uda, 15 urte eta libre izateko garai hobezina. Baina Davey Armstrong, auzoko konspirazioen teorikoa, susmatzen hasten denean bere auzokide polizia izan litekeela albisteetan ateratzen den serieko hiltzailea, berak eta bere hiru lagunik onenek ikerketa bati ekingo diote, berehala oso arriskutsu bilakatuko den bati. RKSS (Roadkill Superstars) izenez ezagun den hirukoteak omenaldi egiten die 80ko urteetako gazte zinemari, haien Turbo Kid (2015) arrakastatsuaren ondoren (urte hartako Astean Publikoaren Saria jaso zuen).

Araña Araña