Komisarioak: Carlos Arenas, César Oropeza
HR Giger artista suitzarrak goitik behera aldatu zuen bere diseinuekin zientzia fikzioaren eta beldurrezko zinemaren looka, Alien (1979) pelikulan izan zuen kolaborazioan. Gainera, Donostiako Kubo-Kutxa aretoak 2009an eskaini zion atzera begirako handi hartan ikusi ahal izan zenez, Alien baino askoz ere zabalagoa da bere lana, arlo desberdinak biltzen baititu: pintura, eskultura, marrazkia, eta altzarien eta arkitekturen diseinua. Gigerrek sormenezko unibertso ikusgarri bat garatu zuen, munstro biomekanikoez, jainkosa satanikoez eta paisaia gotikoez jositako imajinario baten bitartez, eta zalantzarik gabe izugarrizko eragina izan dute latitude guztietako artista berrien artean.
Creators of Legends – HR Gigerri omenaldia talde-erakusketak hainbat herrialdetako artistak biltzen ditu ‒Mexiko, Estatu Batuak, Australia, Espainia, Frantzia, Polonia eta Alemania‒. Haiek HR Gigerren obran inspiratuta garatzen dituzte beren sorkuntzak pinturaren, eskulturaren, marrazkiaren eta argazkilaritzaren arloetan.
Nazioarteko erakusketa bat da, ibiltaria, eta lehen aldiz bisitatuko du Espainia, Mexikoko, Suitzako eta Alemaniako hainbat hiritan egon ondoren. 2019an, hain zuzen, Alienen 40. urteurrena dela eta, instalazio artistiko bat gehitu zaio, Orioneko Bestiarioa izenekoa; Alien: Covenant (2017) filmeko pertsonaia nagusitako bat den David androidearen laborategian dago inspiratua, eta bertan espazio aztoragarri bat birsortuko da, fikzioa, zientzia eta artea elkartuko dituena.
Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoa
San Jeronimo
urriak 26 – azaroak 10
astelehenetik ostiralera: 17:00 – 20:00
asteburuak eta jai egunetak: 11:00 – 14:00 / 17:00 – 20:00
Komisarioa: Antonio Busquets (Flash-Back Producciones)
Erakusketa hau, dudarik gabe, Paul Naschyk (Jacinto Molina Álvarez, 1934-2009) bere bizitzan eta lanbidean izan zuen ibilbideari inoiz egin zaion aitortza zabalena eta osatuena da. Bere familiak erakutsitako konfiantzari esker ‒haren alargun Elvira Primavera eta Sergio eta Bruno semeak‒ omenduaren artxibo pertsonala lagako da erakusketarako. Hala, aurretik inoiz ikusgai egon ez diren materialak ikusi ahal izango dira, haren scrapbook zoragarriak eta idazmahaia, besteak beste.
Paul Naschy Europako fantasiazko zinemaren historian izan den irudi garrantzitsuenetako bat da. Erakusketak osorik biltzen du bere karrera joria: bere aurreneko lanak disko-azaletako ilustrazio bikainen sortzaile gisa, poltsikoko nobelen autore gisa izan zuen etapa labur eta bitxia, halterofilian egin zuen karrera arrakastatsua noski, eta bere azkeneko agerraldiak pantaila handian. Jakina, Espainiako zinemari egin zion ekarpen izugarri handia eta ahaztezina izango da erakusketaren muina, bere lan oparoan oinarritua: hogei pelikula baino gehiago zuzendu zituen, hainbat eta hainbat gidoi eta ehunetik gora kreditutan ageri da aktore gisa, eta zenbait hamarkadatan, hirurogeiko urteetatik hasita, hezurmamitu zituen beldurrezko zinema klasikoko mito gailenak; bera ere generoko mito bilakatzeraino, nazioartean errespetatua eta txalotua.
Erakusketak, gainera, lehen aldiz aurkeztuko ditu artistaren eta berarekin lan egin zuten profesionalen ‒atrezzo, jantzi, makillaje, efektu berezi eta abarreko sailetakoak‒ biltegietako eta artxiboetako edukiak. Enpresa eta izen mitikoek ‒besteak beste, Vázquez Hermanos, Cornejo, Molina FX edo Julián Ruiz, Miguel Sesé, Ángel Luis de Diego eta Fernando Florido makillatzaileak‒ eta ilustrazioak, istorietak, diseinuak, kartelak eta bozetoak, José Sanchis, Gumersindo Andrés López, Jano, Antonio Gracia José “Pierrot” eta beste hainbat eta hainbat autore ahaztezinek sortuak.
Okendo K. E.
Nafarra etorbidea 7
urriak 26 – abenduak 14
astelehenetik ostiralera: 10:00 – 14:00 / 16:00 – 20:30
larunbatak: 10:00 – 14:00 / 16:30 – 20:00
azaroak 1 / abenduak 6-8: 11:00 – 14:00 / 17:00 – 20:00
Komisarioa: Jorge Madejón
Erakusketa honetan, Ajuar funerario obran oinarrituan, Fernando Iwasaki idazle ospetsuaren mikro-kontakizunak biltzen dituen liburuaren erraietan barrena sartu ahal izango zara. Liburua binetetan eman dute Imanol Ortiz gidoilariak eta Beñat Olea marrazkilariak. 18 istorio labur biltzen dituen komiki bat da, autoreari ez ezik, beldurraren generoari ere omenaldi egiten diena.
Milaka ñabardura eta koloreekin, zenduez, umeez eta munstroez josita dago erakusketa. Bertan, komikiaren orrietako batzuen sortze prozesua behatu ahal izango duzu: bozetoaren fasetik hasi eta tindatu eta azkenik koloreztatu diren arte. Gainera, beste hainbat lan daude ikusgai, Beñat Olea marrazkilariak egin dituenak ilustrazio, ipuin, nobela baita bideo-jokoetarako ere, betiere fantasia tartean dela.
Beñat Olea
Leioako campusean Arte Ederretan lizentziatu ondoren, Bartzelonara joan zen eta bertan egiten du lan diseinatzaile grafiko gisa eta ilustratzaile freelance gisa. Bere ilustrazioak nazioarteko argitalpenetan agertu dira (ImagineFX, Graffito Books, Lisbon Labs...) eta erakusketa kolektiboetan Bartzelonako BECen eta Londresko Parallax Art Fair-en. Haurrentzako ipuinak ilustratzen ditu, erretratuak egiten ditu eskariz, eta beregain hartu du zuzendaritza artistikoa CrystaizerGames bideo-jokoen indie estudioan. Ajuar funerario da komikiaren munduan egin duen aurreneko sarraldia.
Udal Liburutegi Nagusia
Alderdi Eder
urriak 25 – azaroak 16
astelehenetik ostiralera: 10:00 – 20:30
larunbatak: 10:00 – 14:00 / 16:30 – 20:00
Komisarioa: Asier Mensuro
Roland Topor Frantziako artean XX. mendeko bigarren erdialdean izandako artistarik pertsonalenetako bat da. Bere ibilbide profesionala marrazkilari gisa hasi zuen 50eko urteen bukaerako argitalpen satirikoetan: Bizarre, Harakiri eta abarretan. André Breton ezagutu zuen eta mugimendu surrealistan sartzen saiatu zen, baina oso azkar hoztu zitzaion gogoa, mugimenduak galdua baitzuen jatorrizko indarra eta mugatua baitzegoen berak onartzen ez zituen arau askorengatik. Desilusio horrekiko erreakzioz, 1962an Fernando Arrabal, Alejandro Jodorowsky, Jacques Sternberg eta Olivier O. Olivier lagunekin batera, gaur egun oso ospetsua den Paniko Taldea sortu zuen, talde surrealistaren eta Dadaren irudimenaren eta talentuaren oinordekoa, eta, Pan jainkoaren jai-espirituari jarraituz, haize fresko bafada bat izan zen XX. mendeko bigarren erdiko frantziar abangoardiarentzat, berehala elkartu zen Parisko underground kulturarekin eta zuzenean lotu zitzaion 68ko Maiatzari ere.
Gogoz oso kezkatsua, Toporrek bere irispidean zeuden eremu guztietara aplikatu zuen bere irudimen emankorra, arrakasta nabariarekin guztietan. Bere literatura-lana Europa osoan argitaratu zen, eta Le Locataire chimérique (1964) eleberria garaiko best seller bihurtu zen, zinemara ere eraman zuelarik Roman Polanskik. Zinematografiaren arloan Federico Fellini-ren Casanova (1976) filmaren arte-zuzendaritzan parte hartu zuen; “Renfield eroaren” papera jokatu zuen Werner Herzog-en Nosferatu (1979) lanean; eta Cannesen Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Nagusia ere lortu zuen La Planète sauvage (1973) filmagatik, René Laloux animatzailearekin lankidetzan egina.
Kutxa Kultur Plaza
Tabakalera – 4. solairua
urriak 24 – abenduak 8
astelehenetik ostegunera: 09:00 – 21:00
ostiralak: 09:00 – 22:00
larunbatak: 10:00 – 22:00
igandeak eta jai egunetak: 10:00 – 21:00
Harrigarria da ikustea urteak aurrera joan arren berdintsu jarraitzen dutela biki bihurri horiek. Orain, hirurogeita hamar urte baino gehiago izango zituzten, baina, jatorrizko marrazkien erakusketa honetan ikusten dugunez, ez zaie ile bakar bat ere galdu beren adats nabarmen horietatik.
Etenik gabe sortu izandako ia 10.000 orrialdetan zehar, Josep Escobar i Saliente handiaren pertsonaiek leku gailena hartu dute gure historia umoristikoan eta, ondorioz, funtsezko irudiak dira belaunaldi askoren bizitzan.
25 urte bete dira sortzailea zendu zenetik, eta Zipik eta Zapek sekulako osasuna dutela gogorarazteko, Escobarren familiak bere bilduma pribatuaren zati bat erakusten digu.
FNAC
San Martin Zentro Komertziala
Urbieta 9
irailak 20 – azaroak 4
astelehenetik larunbatera: 10:00 – 21:30
Ibilbide bat Astearen bizitzako 30 urteetatik, hiru hamarkada hauetan profesionalek eta ikusleek egindako argazkietan zehar. Historian jasota geratu diren une gogoangarriak eta pertsonaia ahaztezinak, Antzoki Zaharrean izan ditugunak. Begirada bat lehenaldira.
Gipuzkoako Argazkilari Elkartea
San Juan 27
urriak 24 – azaroak 8
astelehenetik ostiralera: 17:00 – 21:00
larunbatak: 17:00 – 20:00
Dagoeneko 30 urtez dabil Astea gure hiria inbaditzen bere espiritu ganberro horrekin eta zinemak duen generorik biziena, fantasiazkoa, gurtzen. Bere historiaren poster ofizial gehienak jarrera jostalari horren erakusgarri izan dira. Hainbat urtetan Art&maña (1991-2002) estudioak diseinatuak, eta 2003az geroztik Ytantosek. José Luis López de Zubiriaren (1998 eta 2015 bitartean 15), Pedro Usabiagaren (4) eta Asís G. Ayerberen (2) argazkiekin ikuskizunaren munduko aurpegi ezagun ugari ere eskaini izan dira gure festibal honen enbaxadore izateko: Santiago Segura, Elsa Pataky, Alaska, Robert Englund, Manuela Vellés eta Mario Vaquerizo. Aurten, 2019an, Antzoki Zaharreko gure publiko leiala da protagonista.
Boulevard
urriak 24 – azaroak 4