"Roland Topor-en fantasiazko artea" erakusketa irekita Kutxa Kultur Plazan

Topor

2019.10.24

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko Roland Topor-en fantasiazko artea erakusketa irekita egongo da urriak 24tik abenduak 8ra Kutxa Kultur Plazan (Tabakalera – 4. solairua).

Roland Topor Frantziako artean XX. mendeko bigarren erdialdean izandako artistarik pertsonalenetako bat da. Bere ibilbide profesionala marrazkilari gisa hasi zuen 50eko urteen bukaerako argitalpen satirikoetan: Bizarre, Harakiri eta abarretan. André Breton ezagutu zuen eta mugimendu surrealistan sartzen saiatu zen, baina oso azkar hoztu zitzaion gogoa, mugimenduak galdua baitzuen jatorrizko indarra eta mugatua baitzegoen berak onartzen ez zituen arau askorengatik. Desilusio horrekiko erreakzioz, 1962an Fernando Arrabal, Alejandro Jodorowsky, Jacques Sternberg eta Olivier O. Olivier lagunekin batera, gaur egun oso ospetsua den Paniko Taldea sortu zuen, talde surrealistaren eta Dadaren irudimenaren eta talentuaren oinordekoa, eta, Pan jainkoaren jai-espirituari jarraituz, haize fresko bafada bat izan zen XX. mendeko bigarren erdiko frantziar abangoardiarentzat, berehala elkartu zen Parisko underground kulturarekin eta zuzenean lotu zitzaion 68ko Maiatzari ere.

Gogoz oso kezkatsua, Toporrek bere irispidean zeuden eremu guztietara aplikatu zuen bere irudimen emankorra, arrakasta nabariarekin guztietan. Bere literaturalana Europa osoan argitaratu zen, eta Le Locataire chimérique (1964) eleberria garaiko best seller bihurtu zen, zinemara ere eraman zuelarik Roman Polanskik. Zinematografiaren arloan Federico Fellini-ren Casanova (1976) filmaren arte-zuzendaritzan parte hartu zuen; "Renfield eroaren" papera jokatu zuen Werner Herzog-en Nosferatu (1979) lanean; eta Cannesen Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Nagusia ere lortu zuen La Planète sauvage (1973) filmagatik, René Laloux animatzailearekin lankidetzan egina.

Araña Araña