Maria Fontán da OIHUA! sorkuntza ekimenaren irabazlea

Oihua! Aurkezpena

2020.02.10

María Fontán, "Zerua hautsi zen gaua" film laburra proiektuarekin, izan da Oihua! sorkuntza ekimenean aukeratutako sortzailea.

Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek eta Gazteak bultzatutako ekimena da Oihua!. Euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzeko helburuarekin sortu da. Deialdia 35 urte arteko sortzaile hasiberrientzat izan da. Irabazleak Paul Urkijo zuzendariaren aholkularitza jasoko du lan prozesuan zehar eta erakundeek 7.000 euro inguruko ekoizpen aurrekontua jarriko dute laburmetraia Gipuzkoan filmatu eta bukatzeko. Larrotxene Bideoren tutoretzapean eta elkarlanean ekoiztuko da gidoia.

Lehenengo edizio honetan 42 gidoi jaso dira, 39 egile gazte desberdinek sortutakoak. Haien artean 9 emakume sortzaile aurkeztu dira. Jatorriei dagokienez, gehienak Gipuzkoatik jaso dira, baina baita ere Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Bartzelonatik.

Epaimahaikideak izan dira Paul Urkijo zinegilea eta erakunde antolatzaileen ordezkariak: Lorea Hernández (San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission), Unai Guerra (Larrotxene Bideo), Josemi Beltrán (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea) eta Arkaitz Basterra (gidoilaria, Gaztearen ordezkaria). "Zerua hautsi zen gaua" aukeratzeko irizpideak izan dira proposamenaren sormena eta kalitate artistikoa, bideragarritasuna ekoizpenaren ikuspegitik, lokalizazioak Gipuzkoan eta euskararen erabilera.

Epaimahaiak proiektuaren alderdi hauek azpimarratu ditu: "Istorioaren egitura aberatsa eta euskal mitologia eta mundu moderno baten arteko nahasketa polita, elkarrizketa eta irudien artean atmosfera erakargarriak sortzeko potentziala eta zinegilearen ikusmen kontzeptua".

María Fontán Donostiakoa da, Ikus-Entzunezko gradua dauka eta TAI zentroan ikasi du. Haren hitzetan, gidoi hau da "nire maitasun gutuna nire munstro eta lurraldearentzat".

SARIA

Aukeratutako proiektua honako ekarpen hauekin sarituko du erakundeak:

• Gidoiko profesional batek azken idazketa-prozesuan aholkularitza ematea.

• Filmaketaren preprodukzioko eta antolamenduko prozesuan zehar laguntzea.

• Paul Urkijo errealizadorearen aholkularitza teknikoa eta zuzendaritzaren arlokoa.

• Larrotxene Bideo komunitatetik datorren film laburra grabatzeko eta postproduzitzeko, ikus-entzunezko ikasle eta profesionalez osatutako talde teknikoa.

• Larrotxene Bideotik datorren film laburra egiteko eta editatzeko beharrezkoak diren makineria eta materialak.

• Larrotxene Bideok kudeatutako produkzio-gastuen poltsa.

• San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-en laguntza eta aholkularitza aurreprodukzio- eta produkzio-fasean: kokalekuak bilatzeko eta filmaketa egiteko beharrezkoak diren baimenak lortzeko lankidetza.

Film laburra Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko 2020ko edizioari dagokion programazioaren parte izango da. Hautatutako pertsona filmeko kredituetan agertuko da, eta bertan duen papera egiaztatuko da. Aukeratutako ideiak 300 €-ko ordainsaria jasoko du gidoia sinatu duen pertsonarentzako egile-eskubideen kontzeptupean. Film laburrak Larrotxene Bideoren ekoizpen baten tratamendua izango du, zinemaldietan izena emateko eta litezkeen sariak jasotzeko.

Araña Araña