Beldurrezko Asteko programazioaren aurrerapena

La Nuée

2020.09.08

Jarraian urriaren 30a eta azaroaren 6a bitartean ospatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astean Sail Ofizialean lehiatuko diren zenbait film luzeren aurrerapena.

Benny Loves You (2019). Karl Holt. Erresuma Batua

Gurasoak ustekabean hil ondoren, familiaren etxea saldu beharrean da Jack, eta bizitza berri bati ekin bere kasa. Etxeko garbiketa egitean, besteren artean, bere haurtzaroko lagunik onena botatzen du zaborretara: Benny hartzatxoa. Une horretatik konplikatzen hasiko dira gauzak, bizidun bihurtu baita Benny, eta helburu bakar bat du buruan: Jack babestea. Kosta ahala kosta.

Meander / Méandre (2020). Mathieu Turi. Frantzia

Gau euritsu batean ezezagun baten autora igo ondoren, pasabide batean esnatzen da Lisa. Besoan lehergailu bat du atzeraka kontatzen. Arrastaka hasten da bertatik, eta konturatzen da lekuak ez duela amaierarik antza, eta era guztietako tranpa hilgarriak ezkutatzen dituela. Gainera, konturatzen da leku seguru bat bilatu beharko duela atzerako kontaketa amaitu baino lehen. Eta bera ez dela azkena izango. Hostileren (2017) zuzendariaren bigarren film luzea.

La Nuée (2019). Just Philippot. Frantzia

Bere landetxea galeretatik salbatzeko, ama ezkongabe bat matxinsaltoak hazten hasi da elikagai gisa saltzeko. Gutxika, harreman arraro eta oker bat garatzen du haiekin, eta denbora eta energia guztia eskaintzen die haiei. Ez seme-alabek ez auzokoek ez dute begi onez ikusten Virginie obsesionatzen ari den modua intsektuekin, zeinak azkar-azkar ari baitiren ugaltzen.

Psycho Goreman (2020). Steven Kostanski. Kanada

Ustekabean, Mimi eta Luke anai-arrebek gerra estralurtarreko jaun bat berpiztu dute, beren etxeko lorategian aspaldi batean lurperatuta zegoena. Amuleto magiko bati esker babestuta daude berarengandik eta behartu egiten dute haien nahi guztiak betetzera. Baina munstroaren etsaiek laster izango dute bere berpiztearen berri, eta hala agertuko da Lurrean hiltzaileen galaxiarteko armada bat.

Sea Fever (2019). Neasa Hardiman. Irlanda-AEB-Erresuma Batua-Suedia-Belgika

Siobhán itsas biologiako ikasle gazte bat da. Irakasleak nabigatzera bidali du astebetez arrantzontzi batean; ontziak garai hobeak ezagutu izan ditu eta plurinazionala da bertako tripulazioa. Nabigatzen ordu batzuk eman ondoren, geldirik geratzen dira ozeanoaren erdian, eta orduan ohartzen dira itsaspeko organismo arraro batek harrapatu dituela eta haiek infektatzeko zorian dela.

Tailgate / Bumperkleef (2019). Lodewijk Crijns. Herbehereak

Bere buruaz oso seguru dagoen gizona da Hans, eta bidaian da bere familiarekin batera landan dituen gurasoak bisitatzeko. Bidean enfrentamendu izugarri bat izango dute beste gidari batekin: Ed, furgoneta zuri batean doana. Hansek jarraitu egiten du bere bidaldia, baina Edek erabaki irmoa hartu eta ez du ezbeharra ahaztu nahi. Hala, haiei segika hasten da. Hans konfiantza galtzen hasiko da Edek hari gero eta presio handiagoa egin ahala.

Araña Araña