Beldurrezko Asteak, Fancine Malagak eta TerrorMolins-ek indarrak batu dituzte "Azaro mamua" sortzeko

2020.10.28

Aldi bertsuan egiten diren eta gai berak lantzen dituzten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, Fancine – Malagako Fantasiazko Zinemaldiak eta Terrormolins – Molins de Rei-ko Beldurrezko Zinemaldiak indarrak batu dituzte pandemiaren garai honetan, fantasiazko eta beldurrezko generoari lotutako edukiak sustatu, zabaldu eta sortzeko. Ildo horretan, Azaro mamua sortu dute, hau da, partekatutako hedapen-kanal berria. Bertan, jatorrizko edukiak eta hiru zinemaldien aurreko edizioetan saritu dituzten film labur batzuk argitaratuko dira.

Hiru zinemaldien webguneen bitartez sartu ahal izango da online plataforma horretan, eta genero zinematografiko hori maite dutenen interesekoak izango diren hainbat pieza argitaratuko dira doan. Plataforman, film laburrak, elkarrizketak, hitzaldiak eta abar eskainiko dira. Proposamenak, nolanahi ere, azaroaren fantasia-izaera biziagotzea eta Espainia osoan fantasiazko eta beldurrezko generoarekiko grina sustatzea du helburu.

Horrela, beraz, zinemaldien arteko aliantza bat gauzatuko da. Izan ere, haien adostasuna agerian geratu da hainbat lankidetzaren bidez, hala nola Fantasiazko Zinemaldien Nazioarteko Federazioarekin (Méliès) garatutakoaren bidez. Azaro mamua irauteko asmoarekin sortu da, eta baliagarria izango da triunbiratua osatzen duten hiru lehiaketetako obrak ikus-entzunezko material alternatiboarekin osatzeko. Nolanahi ere, hiru zinemaldiak egin egingo dira 2020. urte honetan, bai modu presentzialean, bai online. Plataforma fantasiazko generoari lotutako antzeko ikusleak elkartzeko foro bat izango da, ikusleak gainerako zinemaldietara hurbil daitezen eta zinemaldi horiek modu birtualean ezagutzeko aukera izan dezaten.

Azaro mamua

Araña Araña