Beldurrezko Asteko programazioaren aurrerapena

2022.09.12

Jarraian urriaren 28a eta azaroaren 4a bitartean ospatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astean Sail Ofizialean lehiatuko diren zenbait film luzeren aurrerapena.

  • American Carnage (2022). Diego Hallivis. AEB

Riversideko bizitza amesgaizto bihurtzen da paperik gabeko immigranteentzat, gobernuaren agindu batek haiek berehala atxilotzea erabakitzen duenean. Handik irten eta herrialdean geratzeko aukera bakarra AEBn jaiotako seme-alabek dute, eta beren familiekin biltzeko adinekoentzako egoitzetan lan egin beharko dute. Juan Pablo, beste gazte latino batzuekin batera, Owl Cove zentrora bidali zuten, eta han laster ohartuko ziren gauzak ez direla diruditenak. Diego eta Julio Hallivis anaia mexikarrek Espainian filmatutako beldurrezko filma, immigranteentzako atxilotze-zentroetan inspiratua.

  • Fumer fait tousser (2022). Quentin Dupieux. Frantzia

Dortoka deabrudun baten aurkako borroka latz baten ondoren, “Tabac Force” izenez ezagun diren bost justiziariok erretiro espiritual batera joateko agindua jasotzen dute, taldearen kohesioa indartzeko. Dena zoragarri doa, leku liluragarri batean; ordea, harik eta Lézardinek, Gaizkiaren enperadoreak, Lur planeta deuseztatzea erabakitzen duen arte. Quentin Dupieuxek –Le Daim (2019), Mandibules (2020)– bere burua gainditzen jarraitzen du film berri bakoitzarekin.

  • The Lair (2022). Neil Marshall. Erresuma Batua

Royal Air Forceko pilotu Kate Sinclair Afganistan gainean eraitsi dute. Tropa aurkariek jazarria, abandonatua dirudien lurpeko bunker batean aurkitzen du babesa. Baina, bertan, lozorro luze batetik esnatu berri diren izaki ikaragarri eta boteretsu batzuek eraso egiten diote. Britainiar soldadu talde batek erreskatatu eta bere kanpamendura eraman du. Izakiak, ordea, gose dira oraindik. Dog Soldiers (2002) eta The Descent (2005) bere lehenengo filmen lurraldera itzuli da Neil Marshall ekintzazko eta beldurrezko film izugarri honekin.

  • Mad Heidi (2022). Johannes Hartmann. Suitza

Heidi gaztea Alpeetan bizi da, Suitza distopiko batean. Hogei urtez geroztik Meili (Casper Van Dien) gaztagile eta presidenteak gobernatzen du herrialdea modu diktatorial batean. Heidi pozik eta herrialdea jasaten ari den egoeraz jabetu gabe mendialdean bizi da bere aitonarekin eta bere mutil-lagun Pedro ahuntzainarekin, zeinak klandestinitatean trafikatzen duen berak egindako gaztarekin. Egun batean mutila aurkitu eta exekutatu egiten dute. Heidik borrokari ekin beharko dio diktadore faxistaren mendetik bere herrialdea eta bere gazta askatzeko. Johanna Spyrik sortu eta Isao Takahatak zuzendutako 70eko hamarkadako telesail japoniar ospetsuak ezagun egindako pertsonaien berrikuspen zoratzailea.

  • Project Wolf Hunting (2022). Kim Hongsun. Hego Korea

Koreako 19 preso daramatzan kargaontzi bat Manilako portutik abiatu da Busanera. Hegazkinez aurretik huts egindako estradizio operazio baten ondoren –aireportuan bonba batek egin zuen eztanda– agintariek erabaki dute orain presoak itsasontzi batean itzuliko dituztela euren herrialdera. Hiru eguneko ibilbidea izango da. Bertan Koreako kriminal arriskutsuenetako batzuk bidaiatzen dute, esperientzia handiko 23 poliziak zainduta, Suk-woo kapitaina buru dutela. Dena lasaitasunez doa lehen orduetan, baina… Koreako ekintza-zinemarik onenaren lagin dardartsu eta basatia.

  • Shin Ultraman (2022). Shinji Higuchi. Japonia

Shinji Higuchi eta Hideaki Anno (produktore eta gidoilari) beteranoek, Shin Godzillaren (2016) zuzendariek, eraman dute pantaila handira Ultraman pertsonaia mitikoa, 1966an hasi zituena bere ibilerak telebistan. Japonian S Klasea (Kaiju) izenez ezagutzen diren munstro erraldoien etengabeko (eta inoiz azaldutako) agerpenak, agintariek horiei aurre egiteko unitate berezi bat sortzea eragin du. Kaiju horietako baten erasoaldi berrian, inoiz ikusi gabeko zilar koloreko erraldoi bat agertzen da zeruan. Eliteko taldeko analista batek honako hau idatzi du txostenean: “Ultraman (behin-behineko izena), identitate ezezaguna”.

  • Vesper (2022). Kristina Buožyt?, Bruno Samper. Lituania-Frantzia-Belgika

Lurreko ekosistemaren kolapsoaren ondoren, 13 urteko Vesper gaixorik dagoen aita zaintzen ari da, eta ahal duen moduan dirau bizirik lur etsai eta arriskutsu batean. Egun batean Camellia gazte eta misteriotsuarekin topo egiten du, aireko istripu bat izan ondoren desorientatua dabilena, eta bera izango da aurreneko aldiz bere bizitzan agertuko zaion aukera etorkizun hobeago bat izateko. Camelliak, aireontzian berarekin zihoan bidaidea aurkitzen laguntzearen truke, Gotorlekura eramango duela hitzematen dio Vesperri. Bertan, eroso bizi dira gizarteko goi mailako klaseak.

  • Viejos (2022). Raúl Cerezo, Fernando González Gómez. Espainia

Manuel bere seme Marioren eta haren familiaren etxera joan beharrean izango da bizitzera, gertaera izugarri batek emaztea hil ondoren. Gutxika, errealitatea inposatzen da: zerbait ulertezina gertatzen da Manuelekin. Entzuten omen dituen ahotsak, hizketan aritzen omen den presentziak. Lenak, Marioren emazteak, etxetik bota nahi du: ziur dago zerbait ikaragarria gerta daitekeela. Naia, alaba nerabea, da bere alde dagoen bakarra, baina bera ere hasten da dudatan fenomeno arraroak aitonaren inguruan gertatu ahala; gero eta eroago ikusten du hura. Historian izan den udaldirik beroena da, atzerako kontaketa hasi da, eta beranduegi da geldiarazteko. Raúl Cerezo eta Fernando González Gómez Astera itzuli dira, iazko La pasajera (2021) filmaren proiekzioaren ondoren.

  • Wolfkin / Kommunioun (2022). Jacques Molitor. Luxenburgo

Elaine, ama ezkongabea, kezkaz ari da ikusten nola hasi den bere seme Martin modu arraro batean jokatzen nerabezarora hurbiltzean. Bere ikaskide bati hozka egiten dionean, Elainek, erantzun baten bila, aitaren aldeko aitona-amonen etxera joatea erabakitzen du, inoiz ez baitute haurra ikusi, eta haren berri ere ez baitakite. Haien etxe handian dela, familiaren benetako izaera ezagutuko du, baita bere semearena ere. Egoera hori onartu edo Martinen etorkizuna aldatzen saiatzeko borroka egin erabaki beharko du.

Araña Araña