Hizkuntza: Frantsesa
Azpitituluak: Gaztelania
Unifrancek, Hexagonotik kanpo zinema frantsesa sustatzeaz arduratzen den erakundeak, labur baina irmo (gure kontura gatz pixka bat gehituz itzulpenari) kontatzen du film honen argumentua: “Gauetik goizera norbaitek (norbatzuek) Vincent hil nahi dute. Hasieran, berarekin zerikusirik ez balu bezala jarduten du hark, baina arazoa larriagotu ahala, bizitza erabat aldatzea erabakitzen du”. Ez du batere itxura txarra, ezta? Izan ere, Stéphan Castang zuzendaria zinemagile multifazetiko horietako bat da, full time lanean: aktorea, gidoilaria, bikoizlea, argazki-zuzendaria, muntatzailea… Trailerrari begiratu bat ematearekin bakarrik berehala harrapatuko diozue tonua zeluloide zati honi. Bide batez, Canneseko Semaine de la Critiquen egon zen.