Proiekzioa + Musika zuzenean + Opariak + Gonbidatu bereziak
Euskal populazioak beti izan du lotura berezia animearekin, urte askotan telebista publikoak mota honetako edukiak euskaraz eskaini izan zituelako. Adierazgarriena Dragoi Bola telesaila izan zen, Akira Toriyamaren mangaren moldaketa. Aurtengo martxoan zendu zen, 68 urte zituela, oraindik murgilduta zebilenean hainbeste pertsonarengan itzal handia izan duen sail honekin lotutako proiektuetan. Horregatik, Animedonen lehen edizioak bere irudia eta obra gogoratu nahi ditu, Antzoki Zaharreko fatxadatik bertatik. Aurten, Innovart estudioko Mikel Herreroren zuzendaritza artistikoa izango du, eta fikzio horretako irudiekin dekoratuko du fatxada.
Ekitaldi nagusia urriaren 20an, igandea, izango da, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Son Gokuk euskaraz hitz egin zuenekoa izenburuarekin omenaldia egingo zaie Dragoi Bolaren euskarazko bikoizleei. Ylenia Benito kazetariak gidatuta eta EITBren babesarekin, ekitaldi honetan Dragoi Bolaren lehen atala proiektatuko da, 1989ko urriaren 4an ETB-1en egin zuen lehen emanaldiaren 35. urteurrenean. Bertan izango dira Xabier Amuriza bertsolaria, Euskadiko Txapelketa bitan irabazitakoa eta telesailaren lehenengo bikoizketa-zuzendaria; Seve Atencia, Goku eta Gohanen ahotsa; Ana Guadalupe Fernández, Bulmaren ahotsa eta kredituen sekuentziako abeslaria; eta Joxe Felipe Auzmendi, kazetaria, ETBko aurkezle historikoa eta Freezerren ahotsa.
Antzoki Zaharra
urriak 20 / 19:00