Álex de la Iglesia 2024 Beldurrezko Astearen kartel ofizialean protagonista

Ilustrazioa: Santipérez
Ilustrazioa: Santipérez

2024.07.22

Álex de la Iglesia, azken 30 urteetako munduko fantasiazko zinemaren izen handienetako bat, urriaren 25etik azaroaren 1era izango den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astearen karteleko protagonista da.

Franz Kafkaren heriotzaren mendeurrenaren urtean, Asteak gorazarre egin nahi dio autore txekiarrari eta fantasiazko zineman izan duen eraginari Santipérezen ilustrazio honekin; haren lanik ospetsuenean, Metamorfosian, inspiratua. Kartelaren diseinua Ytantosek egin du. Ilustratzailearen beraren hitzetan:

“Kafkaren heriotzaren mendeurrena, eta gonbidatu oso berezia, Álex de la Iglesia: nola uztartu bi premisa hauek? Denok ezagutzen ditugu Metamorfosiaren kontakizuna eta lanari eskainitako bizitza baten zorigaiztoko emaitza: entrega-datek eragindako antsietatea, ezinezko epeak, presioa egiten diguten nagusi edo bezero egonezinak, abiatzen ez diren proiektu berriak, ekoizpenak atzeratzen dituzten ustekabeko arazoak, agortzen diren aurrekontuak… Gregor Samsa, karga honengatik guztiarengatik, edo garaiko antzeko kontuengatik, goiz batean erabat somatizatu eta esnatzen da beste gauza ahul batean bihurturik… Nola fusionatu bi premisa horiek? Ez da zaila, protagonista aldatuta. Ideia horrekin, kartela garatzeko taldeko kide guztiok adostua, eta baztertutako proposamen batzuen ondoren sortu zen lan hau, joan den mendeko azken hamarkadetako beldurrezko eta fantasiazko komikien azalak irudikatzen dituen hau, digitala alde batera utzita (azken teknologiak ezta pentsatu ere) eta pintzelak eta pigmentuak erabiliz”.

Álex de la Iglesia

Acción mutante (1993) filmarekin debuta egin zuenetik eta bereziki El día de la Bestia (1995) estreinatu ondoren, Álex de la Iglesia nazioarteko zinema fantastikoaren erreferentzietako bat bihurtu zen. Perdita Durango (1997), La comunidad (2000), Balada triste de trompeta (2010), Las brujas de Zugarramurdi (2013) eta Veneciafrenia (2022) filmek, besteak beste, XXI. mendeko generoko zinemagile garrantzitsuenen artean kokatu dute.

Ekoiztu dituen filmen artean aipatzekoak dira Musarañas (Juan Fernando Andrés eta Esteban Roel, 2014) eta Venus (Jaume Balagueró, 2022), eta “Plutón BRB Nero” (2008-2009) eta “30 monedas” (2020-) serieak zuzendu ditu.

2009 eta 2011 artean Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako presidentea izan zen.

Jaso dituen sarien artean nabarmentzekoak dira Zinematografiako Sari Nazionala 2010ean, Méliès International Festivals Federationek (MIFF) 2018an emandako lehen Career Méliès saria fantasiazko zinemari egindako ekarpenagatik, zuzendari onenaren Goya saria 1995ean El día de la Bestia filmagatik, eta La Máquina del Tiempo saria Sitges 2005ean, bere ibilbide osoari.

Santipérez

Santipérez (Santiago Pérez Domínguez, Madril, 1970) beldurrezko komikien marrazkilari eta gidoilaria da. Bere lehen istorioak Creepy aldizkarian argitaratu zituen 90eko hamarkadan; urteak eman zituen aldizkari horretarako kolaboratzen.

Lau album ditu editatuak: Various Horror Visions (Diábolo Ediciones, 2013), Diablo House (Norma Editorial, 2019), El taxidermista y otras histerias macabras (Isla de Nabumbu, 2021) eta Un puñado de historias de terror (Diábolo Ediciones, 2023). Istorio laburrak biltzen dituzte, fantasiazko munduarekin eta izuarekin lotutako gaien inguruan.

Cthulhu (Diábolo Ediciones) aldizkariko ohiko kolaboratzailea da, eta 2011z geroztik bertan argitaratzen ditu bere istorioak, ia beti berak idatzitako gidoiekin. Cthulhuren zenbaki batzuetako azalak berak eginak dira, baita beste proiektu editorial batzuetakoak ere, besteak beste PAZ (2022), Historias de brujas (2022), Historias de fantasmas de la literatura universal (laster argitaratuko da) eta La casa del Diablo (2023).

IDW Publishing argitaletxe estatubatuarrarekin kolaboratzen du puntualki, eta harekin Diablo House jatorrizko seriea argitaratu zuen 2017an eta 2018an. Komikigile izateaz gain, Santipérez ilustratzailea da ere. Besteak beste RBA argitaletxearentzat egiten ditu lanak, zeinarekin hamarkadak daramatzan kolaboratzen, batez ere National Geographic Historia bere aldizkarian. Bestetik, publizitaterako storyboarden marrazkilaria da ere, eta animazio proiektuetan parte hartu du.

Araña Araña