Noviembre Fantasma-ren bosgarren denboraldia bueltan da elkarrizketa, solasaldi eta eduki berriekin

2024.10.28

Aurten ere, udazkenak Noviembre Fantasma ekimenaren edizio berri bat dakar. Espainiako fantasiazko eta beldurrezko lau zinemaldi garrantzitsuenen arteko lankidetza ekimena da hau: Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Fancine, TerrorMolins eta Isla Calavera.

Bosgarren denboraldi honetan, proiektu hau sendotzen ari da argitaratu gabeko ikus-entzunezko hogei proposamen baino gehiagorekin, eta hilabete honetatik aurrera pixkanaka igoko dira plataformara. Eduki guztiak doan egongo dira eskuragarri Noviembre Fantasmaren webgunean, eta generoaren jarraitzaileek elkarrizketa, solasaldi, kontzertu eta bestelako ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute etxetik.

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea (urriak 25 – azaroak 1)

Donostiako Asteak nazioarteko beldurrezko eta fantasiazko zinemaren izen nabarmenekin osatutako programa zabala eskainiko du. Gehien espero diren proposamenen artean, Morito Inouerekin egingo den topaketa nabarmentzen da, Onsen Shark pelikularen atzean dagoen istorio harrigarria partekatuko baitu. Proiektu hori crowdfunding bati esker sortu zen, eta jasotako dohaintza bakoitzeko marrazoak gehitu zizkion filmari. Horrez gain, elkarrizketa bat izango da Koji Shiraishirekin, izua eta umorea nahasten dituen zinemagile japoniar beteranoarekin. House of Sayuri bere azken filma aurkeztuko du, eta bizi izan dituen esperientzia pertsonalek bere ibilbidean izan duten eraginari buruzko hausnarketa egingo du.

Gainera, anime zaleek solasaldi batez gozatu ahal izango dute El Quinto Emperador youtuber ezagunarekin, One Piece telesailaren mundu mailako arrakasta ardatz izango duena. Beldurrezko zineman aditu Heidi Honeycuttek ere parte hartuko du, I Spit on Your Celluloid bere liburuaren bitartez emakumeek genero honetan duten rolaz hitz egiteko. Eta, zinemaren teoria kritikoa maite dutenentzat, bi topaketa nagusi izango dira: lehena Kafka, lo kafkiano y el cine fantástico liburuaren aurkezpena izango da, Isla Calaverak eta Asteak argitaratua. Jonathan Allen eta Jesús Palacios autoreek idazle txekiarrak fantasiazko zineman duen eragina aztertuko dute. Azkenik, Ángel Sala eta Alberto Sedanoren (Exorcismo dokumentalaren zuzendaria) arteko elkarrizketa izango da.

TerrorMolins - Molins de Reiko Beldurrezko Zinemaldia (azaroak 8-17)

Molins de Reiko Beldurrezko Zinemaldiak beldurrezko zinema independentearen korronte berriak eta horizonteak aztertzearen aldeko apustua egingo du hainbat hitzaldiren bidez. Horrela, Caye Casas eta Víctor Catalá zinemagileekin izandako solasaldia ikusi ahal izango dugu. Héctor García youtuberrak moderatuko du, eta zirkuitu komertzialetik kanpo beldurrezko zinema egiteko erronketan sakonduko dute, La mesita del comedoren adibide adierazgarriarekin. Beste ekitaldi interesgarri bat Manuel Mañero kazetariaren hitzaldia izango da. Cine de terror contado a los niños liburuaren egilea da, eta beldurrezko zinema txikienei nola egokitu dakiekeen azalduko du, generoaren hezkuntza-aukerei eta haurren garapenean duen eraginari helduta. Programazio hau beldurrezko zinemako ilustrazioaren arteari buruzko hitzaldi batekin osatuko da. Jordi Pastor eta Dani Noblonek beren lanen atzean dauden sortze prozesuak azalduko dituzte.

Amaitzeko, Rocío Alések, América profunda, cine norteamericano de terror ruralen autoreak, Amerikako paisaia goibelenetan girotutako filmek beldurrezko zinemaren barruan azpikultura bat nola eratu duten azalduko du, The Texas Chain Saw Massacre eta The Hills Have Eyes titulu klasikoen bidez.

Isla Calavera - La Laguna Hiria Kanarietako Fantasiazko Zinemaldia (azaroak 8-17)

Isla Calaverak fantasiazko zinemaren izen handienetako batzuk omentzen ditu. Aurten, Javier Botet aktoreak, oraintsuko zinemako izaki beldurgarrienetako batzuk gorpuztu dituenak, [REC]-etik hasi eta Alien: Covenanteraino, Isla Calavera Leyenda del Fantástico 2024 Saria jasoko du, bere ibilbide kamaleonikoagatik eta generoari egindako ekarpenagatik. Eta ez da izango gu lekuko izango garen tributu bakarra: Tami Stronachekin, The Neverending Story filmeko Haur Enperatriza ahaztezinarekin, egingo den topaketaz ere gozatu ahal izango dugu; honek ere Isla Calavera Leyenda del Fantástico 2024 Saria jasoko du.

Bestetik, Borja Pérez webserieen aitzindariak, Qué vida más tristen egindako lanagatik ezaguna denak, fantasiazko zinemarekiko duen pasioa eta bere ibilbidean izan duen garrantzia kontatuko digu. Marcus Nispelek Leatherfaceren mitoaren eta honek beldurrezko zineman duen eraginaren inguruko hitzaldia eskainiko du. Amaitzeko, Kanarietako Fantasiazko Zinemaldiak Godzillaren 70 urteak gogora ekarriko ditu mahai-inguru batean. Jonathan Bellés dokumentalistak eta Ángel Sala Sitgeseko Zinemaldiko zuzendariak hartuko dute parte, eta munstroen erregeak munduko zineman duen eragin iraunkorra aztertuko dute.

Fancine - Malagako Fantasiazko Zinemaldia (azaroak 13-21)

Bere ikuspegi alternatiboari jarraituz, teknologiaren, musikaren eta narratiba bisualaren arteko elkarguneetan barneratuko da Fancine. Aurten, adimen artifizialak komikietan duen eraginari buruzko analisi liluragarria egingo du Pepo Pérez irakasle eta marrazkilariak, eta sormenaren aro berri hau Marvelen "Guantelete del Infinito" ospetsuarekin alderatuko du. Narratiba grafikoaren arloan ere, Antonio Altarriba idazle sarituak ikasleekin partekatuko du komiki-gidoiak irudietara egokitzeko prozesuari buruzko bere esperientzia, eta Mikel Lagar irakasleak, berriz, adimen artifizialak sormen-industrietan duen eragina aztertuko du, ekoizpen zinematografikoaren barruan duen erabileran zentratuz.

Gainera, esperimentalari lekua egingo dio CRAVAT eta PRRMBren kontzertuarekin. Kontzertuak soinu elektronikoak, shoegaze eta arte bisuala uztartuko ditu, esperientzia murgiltzailea eta multisentsoriala sortzeko. Eta melodia fantastikoenak jarraitu egingo du Malagako Orkestra Sinfonikoaren soinu-banden errezitaldi tradizionalarekin. Aurten, Ghibli estudioari eskainia da, besteak beste My Neighbour Totoro edo Spirited Away filmen piezak bilduko dituen programarekin. Azkenik, Amigo eta La mesita del comedor filmetan parte hartu duen David Pareja aktore eta komikoa sakonago ezagutzeko aukera izango dugu, elkarrizketa bat eskainiko baitu bere ibilbideaz eta beldurraren generoaren barruan umorearen bere ikuspegi bereziaz hitz egiteko.

Bideo horiek guztiak doan ikusi ahal izango dira plataforman: noviembrefantasma.com. Hogei proposamen horiekin, Noviembre Fantasmaren katalogoak 70 pieza baino gehiago ditu dagoeneko, 2020an pandemiaren murrizketei erantzuteko ekimena martxan jarri zenetik. Bost urte hauetan zehar, proiektuak aliantza arrakastatsua dela erakutsi du Espainiako fantasiazko eta beldurrezko zinemaldien sarearen barruan, generoaren jarraitzaileei eduki esklusiboak eskuratzeko eta plataforma komun baten bidez konektatzeko aukera emanez.

Zinemaldi parte-hartzaileen karteldegiak osatzen ditu aliantza honek, eta generoko zinemaren hedapenarekin duen konpromisoa berresteaz gain, fantastikoarekiko zaletasuna sustatzen du, forma guztietan eta mugarik gabe. Sinergia horrek, zaleen arteko komunitate sena piztu ez ezik, zinemaren kultura zabalagoa eta anitzagoa bultzatzen du ere. Horrela, zinemaldi bakoitzak ekarpena egiten du bere berezitasunarekin, eta ikusleei aukera eman die generoko zinemaren esperientzia aberats eta osoagoaz gozatzeko.

Araña Araña