Hizkuntza: Japoniera
Azpitituluak: Gaztelania, Euskara
New Group (2025). Japonia. 82 min
Bisualki groteskoa da bere une askotan, psikologikoki beldurgarria, sozialki suntsitzailea eta politikoki aurreratua, eta horrek ez digu harridurarik eragiten eskolakideak uniformez jantzita dituen film japoniar baten aurrean beti erne egoten garenoi. Kasuen %99,9an zerbait gertatuko da. Zerbait arraroa. Inkongruentzia izugarri eta zorioneko bat. Zerbait surrealista. Edo hiperrealista. Edo suprarrealista. Baina zerbait. Kasu honetan, bat-batean institutu batean, arauak arau diren batean, eta betetzen dituzu edo etorriko zaizuna onartzen duzu, ikasleak piramide bat eratzen hasten dira kirol-zelaian. Horrela, ustekabean. Jarrera sorra. Kontua baita, filma hasi bezain laster, pare bat eszena “arraro” ikusi dugula, telebistan estralurtarrez ari direla, eta tipo aberats batek billeteak airean botatzen dituela kaletik. Kontuz ibili.
+
The Curse (2025). Japonia-Taiwan. 94 min
Beldur japoniarra ezagutzen dugu, ez ordea sorginkeria taiwandarra, Nie Yinniang hainbeste ohoratzen dugun arren, The Assassineko (2015) justiziagile bikaina, Hou Hsiao-hsienen wuxia zoragarria. Ezjakintasun horretatik pixka bat aterako gaitu The Cursek. Zeren eta bi neska japoniar protagonistak eta sareetara storieak igotzen jarraitzen duen haien lagun zendua, Taiwango sorgin baten biktimak baitira. Uharteko sorginaren arte gaiztoak erakusten zaizkigu, bai. Filma basati hasten da neska batekin, etsita errepide batetik korrika; trailer handi batek harrapatzen du, eta haren gorpu abandona zakur batek irensten du. Ringu (1998) hilezkorrean erabilitako teknologien eguneraketa da The Curse. Han bideo-zintak ziren baina hemen mugikorrak bihurtzen dira Gaizkiaren transmisore. Eta bai, Airiri odola dario begietatik.