"Cinegēmu: Fantasia eta beldurra Japoniako bideo-jokoan" erakusketa Okendon

Diseinua: V15
Diseinua: V15

2025.09.19

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. Asteak, Animedon – Donostiako Bigarren Anime Topaketaren barruan, Cinegēmu: Fantasia eta beldurra Japoniako bideo-jokoan erakusketa ireki da Okendo Kultur Etxean.

Erakusketa Donostia Kulturak eta Madrilgo Japón Fundazioak antolatu dute, DiGRAESen lankidetzarekin. Marçal Mora, Víctor Navarro eta Alejandro Rodríguez dira erakusketaren komisarioak, V15ek diseinatua. Erakusketa irekita egongo da irailak 19tik azaroak 7ra Okendo Kultur Etxean.

Sortu zenetik, gēmu edo japoniar bideo-jokoa zinematik oso gertu egon da: 1986an, Super Mario Brosen anime bat estreinatu zen zinema-aretoetan; Konamiren bideo-joko bat The Goonies film amerikarra moldatuta Famicomen; eta Nintendoren Nazo no Murasame Jō jokoaren moldaketa Fuji TVn. Orduz geroztik, etengabea izan da bi baliabideen arteko truke-dinamika, euren artean ez ezik, beste japoniar baliabide batzuekin eta bertako imajinario herrikoiarekin ere.

Erakusketa honetan bidegurutze horiek aztertzen ditugu, eta arreta jartzen dugu media mix delakoan, zinema interaktiboko esperimentuetan, ikono herrikoietan eta, batez ere, fantasiaren eta beldurraren presentzian, Japoniako bideo-jokoaren bi polo kultural eta sortzaile diren aldetik.

Erakusketaren osagarri gisa, urrian bi film proiektatuko dira Okendoko areto nagusian, Harri X. Fernández kazetari eta Animedonen koordinatzaileak aurkeztuko dituenak:

urriak 13 (18:30)
Sword Art Online the Movie: Ordinal Scale (2017). Tomohiko Ito. Japonia

urriak 14 (18:30)
Overlord, el reino sagrado (2024). Naoyuki Ito. Japonia

Sortu zure arcade makina
Medialab (Tabakalera)
urriak 28-29

Tabakalerako Medialabek erakusketa honekin batera Sortu zure arcade makina lantegia antolatu du. Animeren eta bideojokoen zaleak jolas-aretoetan gainezka zeuden makina horien programazio-, eraikuntza- eta diseinu-prozesura hurbildu ahal izango dira.

Lantegia Medialaben instalazioetan egingo da urriaren 28an eta 29an, 17:00etatik 20:00etara. 16 urtetik gorakoei zuzendua dago, gehienez 12 parte-hartzailerentzako edukiarekin, eta 50 €-ko kostua izango du. Izen-ematea Tabakaleraren webgunean: www.tabakalera.eus/eu/sortu-zure-arcade-makina

Ordutegia

  • astelehenetik ostiralera: 10:00 - 14:00 / 16:00 - 20:30
  • larunbatak: 10:00 - 14:00 / 16:30 – 20:00
  • azaroak 1 eta 2: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00
Araña Araña