Udazkenak berriro irekitzen dizkio ateak iruditeria fantastikoari Noviembre Fantasmarekin, herrialdeko fantasiazko eta beldurrezko zinemaldi nagusietako bost biltzen dituen proiektu kolaboratiboarekin. Ekimenak zazpigarren denboraldia du aurten, eta Vilagarcía de Arousako Curtas Festival do Imaxinario gehitu zaie hauei: Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Fancine – Malagako Unibertsitateko Fantasiazko Zinemaldia, TerrorMolins – Molins de Reiko Beldurrezko Zinemaldia eta Isla Calavera – La Laguna Hiria Kanarietako Fantasiazko Zinemaldia.
Beraz, Curtas Festival do Imaxinario galiziarraren etorrerak zabaldu egiten du edukiak, publikoak eta esperientziak partekatzeko sortutako aliantza, zinemaldi bakoitzaren data eta egoitzetatik harago. Aurreko denboraldietan bezala, Noviembre Fantasmak fantasiarekin eta beldurrarekin lotutako hitzaldiak, topaketak eta ikus-entzunezko beste proposamen batzuk bilduko ditu, generoaren zaleei, munduko edozein lekutatik, zinemaldi horietako bakoitzetik edukiak hurbiltzeko asmoz.
Eduki guztiak noviembrefantasma.com plataforman ikusi ahal izango dira, eta Noviembre Fantasmaren katalogo iraunkorrera gehituko dira; aurreko denboraldietako sorkuntza propioko hogeita hamaika pieza inguru ditu dagoeneko bilduta.