2026.02.26
Imanol Olaldek irabazi du Oihua! sorkuntza ekimenaren laugarren edizioa Antxumeak film laburraren proiektuarekin eta 2026ko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean proiektatuko da. Ekoizpenerako 10.000 euro bitarteko laguntza izango du, besteak beste.
Oihua! Donostia Kulturak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatutako ekimena da, euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzeko helburuarekin sortuta eta sortzaile hasiberriei zuzenduta. Irabazleak ikus-entzunezko profesional entzutetsu baten aholkularitza eta bidelaguntza izango du lan prozesuan zehar. Gainera, proiektuaren ekoizpenerako 10.000 euroko laguntza izango da; zentzu horretan, Larrotxene Bideoren tutoretzapean eta elkarlanean ekoiztuko da gidoia.
Laugarren edizio honen berrikuntza gisa, Larrotxene Bideok Musikenerekin elkarlan hitzarmena egin du eta, horren baitan, film laburraren soinu banda Musikeneko ikasleek sortuko dute.
Laugarren edizio honetan 29 gidoi jaso dira. Lanen jatorriari dagokionez, aurtengo edizioan hogeita bi Gipuzkoatik iritsi dira, sei Bizkaiatik eta bat Arabatik. Aurkeztutako gidoi guztien kalitate eta izaera profesionala nabarmendu du epaimahaiak.
Epaimahaikideak Unai Guerra eta Laura Gallego (Larrotxene Bideo), Josemi Beltrán (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea) eta Alex Aisa (Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua) izan dira. Irabazlea aukeratzeko hainbat irizpide erabili dira: sormena eta kalitate artistikoa, ekoizpenaren bideragarritasuna, eta euskararen maila.
Irabazle suertatu den Imanol Olalderen gidoia, Antxumeak film laburrarena, hain zuzen ere, drama psikologiko klasiko baten egitura du: guraso baten larritasuna bere seme-alabak salbatzeko. Hala ere, drama hori garrantzitsuagoa den beste gai batean sakontzeko abiapuntua baino ez da: naturak badu oreka lege aldaezin bat, gizakiok etengabe uko egiten saiatzen dioguna, beti “gehiago”, “hobeto” edo “azkarrago”aren bila. Berehalakotasun eta norberekeriazko garai hauetan, ezinbestekoa da gogoraraztea bizitzan ekintza orok duela bere ondorioa, askotan mingarria edo deserosoa izan daitekeena.
Gogoeta hori gorpuzteko egile donostiarrak Euskal Herriko elementu mitologikoak erabiliko ditu. Akerra, atsoa/sorgina eta basoko indarrak, hain zuzen, baina ez ikuspegi folkloriko huts eta nostalgiko batetik, baizik eta mito horiek bizirik mantentzea eta eguneratzea du helburu. Gaur egungo gizartean txertatu ditu, antzinako indar horiek egunerokotasuna ulertu eta azaltzeko egokiak direla erakutsiz.
Epaimahaiak Antxumeak lanaren honako alderdiak azpimarratu ditu: “Euskal mitologiaren arketipoen berrirakurketa garaikidea eta folk-horror generoa gure lurraldearen gertutasunera ekartzea”.
Sortzaileei laguntzeko ildoari jarraituz, hauek dira aurreko deialditan lagundutako proiektuak: lehen edizioan, irabazlea María Fontán-en Zerua hautsi zen gaua izan zen aukeratua eta Paul Urkijo izan zen mentorea; Igor Salutregiren Azken partida aukeratu zen bigarren edizioan eta Maider Oleagak egin zituen mentore lanak; hirugarren edizioan, Eneko Muruzabalen Planetagatik film laburra babestu zen, eta Igor Legarretaren aholkularitza izan zuen.
Pasa den deialdiko irabazlea, Planetagatik filma, Estatuko eta nazioarteko 40 jaialditan baino gehiagotan programatu dute: Malaga, ZINEBI, FICX, Los Angeles, São Paulo, Quito edo New York, adibidez. Saritua izan da AEBetako Renoko Jaialdian, Britainia Handiko Aberystwyth-en eta Kolonbiako Barichara Jaialdian. Euskal Herrian, Film Onenaren Saria jaso du Lekeitioko Zinemaldiaren 47. edizioan.