Enrique Ventura (Madril, 1946) egile handienetako bat da munduan diren umorezko historieta egileen artean. Maisulan batzuk egin ditu Miguel Ángel Nieto gidoilari ahaztezinarekin batera, adibidez Maremagnum, Sonrisas mitikoa edo Grouñidos en el desierto zoragarria. Esperimentazio lanean aritua da gainera, aurkikuntza plastikoak eta narratiboak bat eginez, betiere irudimen, argitasun, samurtasun eta kutsu poetiko handiko umorea erakutsiz.

Marrazkilari eta ilustratzaile bikain honek komiki lehiaketa nagusiak irabazi izan ditu, eta bere jarduera joriaren erakusgarri ditugu animazioaren eta zinemaren munduan (El caballero del dragón-erako diseinuak) egin dituen lanak, eta nobelagile gisa edo, orain, eguneroko prentsan bere umorea argitara emanez. Aipatu beharra dago El jueves aldizkarirako kolaborazioekin jarraitzen duela baita ere.

 

Sergio Bleda (Albacete, 1974) laurogeita hamarreko hamarkadan sortu ziren historieta egile onenen artean dago publikoaren eta kritikaren iritziz. Fantasiazko eta beldurrezko unibertso arrakastatsuen diseinugile gisa nabarmentzeaz gain, ilustratzaile zoragarria, narratzaile trebea eta sortzaile joria da. Izan ere, istorio zorabiagarriak sortu ditu ikusmenarentzat erabat pizgarria den edertasun handiko eta kolore biziko erritmo zinematografikoaz.

Bere obra kronologikoki eta sakontasunez aztertuko dugu erabat ezezagunak diren jatorrizko lan ugari ikusgai jarriz. Izan ere, Espainian lehen aldiz ikusi ahal izango ditugu. Era berean, sail berezi bat eskainiko diogu El baile del vampiro-ri, baita zinemarako egin dituen storyboard sorta bati ere.

 

José Luis Macías (Jaén, 1929) Espainiako zientzia-fikzioaren ilustratzaile famatuena eta eragin handikoena da. Berrogeita hamarreko hamarkadan eta hirurogeikoan bildumetarako egin zituen azalak goraipatu eta errebindikatu izan dituzte beti, adibidez Luchadores del espacio-rako, mugarik gabeko fantasia erakutsiz. Izan ere, gure herrialdean, generoaren ikonoetako bat da gaur egun.

Pintore entzutetsu eta komiki marrazkilari zoragarri honek irudiz hornitu ditu hogei herrialdetan baino gehiagotan argitaratu dituzten idazle klasikoen eta haur literaturako lanak. Erakusketa honetan, Espainiako tebeo klasikoan egin duen ibilbide laburra bezain bikaina gogora ekarriko dugu, adibidez Zhar el justiciero, Gary Cooper edo Ayax el Griego komiki aipagarrietan.

 

Erakusketa zabal honetan Espainiako tebeoaren arloan zientzia-fikzioa eta fantasia islatu izan diren modua ezagutzeko aukera izango dugu pertsonaia mitikoak gogora ekarriz, adibidez Diego Valor, Galax el cosmonauta, Dani Futuro edo Súper López, baita sail adierazgarrienak ere dagozkien azal eta historieta famatuenen bidez.

XIX. mendearen bukaerako auketatik hasi eta titulu berrietaraino, funtsezkoak diren argitalpenak ikusi ahal izango ditugu berriro, adibidez Chicos, 1984, Luchadores del espacio edo Cinco por infinito. Gainera, fantasiazko generoan umorea, emakumea, literatura eta erotismoa aditzera eman diren modua aztertuko dugu beste hainbat gairen artean. Baina, betiere, gure herrialdean genero honetan izan diren egile handiei sail bat eskainiz.