Berni Wrightson

Wrightson:  Beldurraren maisua
Bernie Wrightson (Baltimore, 1948) komikiaren historiaren mito bizia da, 70eko hamarkadan eta 80koan gailendu izan zena, eta aho batez, beldurraren eta lazturaren maisutzat daukatena. Editorial garrantzitsuenetan nabarmendu izan da, DC Comics-etik hasita, Swamp Thing edo Batman the Cult lanekin, Marvel etxeko heroien inguruan (Punisher, Spiderman...) landu izan dituen ikuspegietaraino, besteak beste Creepy edo Heavy Metal argitalpenetarako sortu izan zituen istorio labur izugarriak eta ilustrazioak ahaztu gabe. Creepshow, Freak Show edo Captain Stern lanekin batera, bere maisulana Mary Shelleyren Frankenstein pertsonaiatik egin zuen behin betiko moldaketa izan da zalantzarik gabe, beste egile batzuen lanak birsortu izan baditu ere, esate baterako Lovecraft, Edgar Allan Poe edo Stephen Kingenak. Artearen arloan izan duen esperientzia zabalaren erakusgarri ditugu Spiderman edo The Ghost Busters film luzeetarako egin dituen diseinuak baita hainbat eta hainbat portada ere, "Dead Ringer" LP klasikoarena, adibidez.

 

 

Paco Alcazar

Paco Alcázar: Nik egin nuen!
Paco Alcázarrek (Cádiz, 1970) txiste maltzurrak lantzen hasi zuen bere ibilbide komikizalea, mutagarria eta irekia, gore koipetsua, sexu erikorra eta haragiaren mutazioa gustuko zituela erakutsiz. Txikizio barregarriari eta umore beltz, garratz eta ironikoari eskainitako odak, The Lovesucks Experience, Escarba, escarba edo Moho lanetan irudikatuta geratu direnak.

Hasi zenetik Alcázarrek nabarmen findu du bere grafismoa, betiere bere joerari jarraituz, bere zaletasunak baztertu gabe, eta unibertso pertsonal eta berezia askatuz, non pertsonaia eroak, tentelak eta etsituak elkarrekin bizi diren. Alcázarren marrazkien itxurazko sinpletasuna oso bestelakoa da lantzen dituen gai bihurrien aldean. Bere biñeta nahastaileen tonu kezkagarria bereziki antzematen da Todo está perdido edo Porque te gusta lanetan eta duela gutxi sortu dituen Mecanismo blanco eta Silvio José sailetan.

 

 

Euskadi Fantástico II

Euskadi Fantastikoa II: Juan Luis Landa eta Marko Armspach

Aurten, Euskadi Fantastikoa izena eman diogun erakusketa sailaren barruan, bi euskal egileri eskaini diogu gure arreta, Euskadin bertan eta kanpoan goraipatzen dituzten lanen egileei.

Batetik, Juan Luis Landa, Errenteriakoa. Zenbait album argitaratu izan ditu Frantzian eta Espainian eta Ipurbeltz eta Xabiroi argitalpenen kolaboratzaile da. Gainera, oso ezaguna da Toti Martínez de Lezeak idatzitako zenbait liburuetan egindako mitologia eta sorginen ilustrazioengandik.

Bestetik, Marco Armspach, Uztaritzekoa. Zenbait album argitaratu izan ditu Frantzian eta Euskadin, eta sari bat baino gehiago jaso du Gartxot albumagatik. Ipurbeltz eta Xabiroi aldizkarien ohiko kolaboratzailea da.

Bi egileak, bakoitzak oso marrazki estilo berezia landuz, arrakasta profesional handia lortu duten euskal marrazkilarien belaunaldikoak dira, eta haien lanak italierara, ingelesera, alemanera... itzuli izan dituzte.

DONOSTIA KULTURA Konstituzio Plaza, 1 20003 Donostia - San Sebastián (SPAIN)
Tel.: (34) 943 48 11 57/97 - Fax: (34) 943 43 06 21 E-mail: cinema_cinema@donostia.org