Toni Galindo. Solo para tus ojos

Zure begientzat bakarrik erakusketak Toni Galindo (1962-2006) diseinugile grafiko eta marrazkilariaren ibilbide profesionalari errepaso egiten dio. Anna Obradors lagunarekin batera Art&Maña sortu zuen, gure herrialdean den komunikazio enpresa entzutetsuenetakoa. Hari zor zaizkio Espainiako zinemaren azkenaldiko historian sortu diren film errentagarrienetakoen hainbat publizitate-kanpaina eta irudi grafiko.

Erakusketak, sortzaile emankor honek bere arrastoa utzi izan dueneko hirurogeitik gora film luzeen azterketa sakona eta kronologikoa egiteaz gainera, diseinugile gazteak izen handiko zinema-lehiaketetarako eta telebista-kateetarako sortu izan zituen kartelak eta kanpainak berrikusten ditu; hain zuzen ere Donostiako Nazioarteko Zinemaldirako garatu zituen karteletatik bik Los Angelesko Key Art Awards saria jaso zuten.

Panelez panel, kartel bat sortzeko jarraitu beharreko prozesua ezagutuko dugu jatorrizko bozeto ugarietatik hasita, baztertutako probak, sustapenerako teaserrak eta era guztietako material gehigarria tartean direla, amaierako produktu egokia lortzeko erabilitako dokumentazioraino.

 

 

Mansión Mircala

Estiria urrunean duen etxe dotorean, Jack Mircala erromantikoa eta zoritxarrekoa gogor ari da lanean. Izan ere, harentzat denbora ez da oztopo izango lana arreta handiz egiteko. Malenkonia krisialdien eta eutsi ezin dien gainezkaldien artean, Mircalak bere fantasia artistiko goibel eta finenak askatuko ditu. Paisaia zeharkaezinak eta munstroak sortuko dira haren inspirazio aztoratuaren ertz ilunenetatik. Irudi nabarmenek erakarrita, haren ilustrazioek eta ipuinek literatura gotikoaren, beldurrezko zinemaren eta pintura espresionistaren ondarea arakatzen dute.

2001ean bere ilustrazioak Beldurrezko Astean erakutsi ondoren eta aurreko edizioaren kartelerako tamaina naturaleko eszenatoki bat sortu eta gero, Alaskak emakumezko banpiro erakargarri eta boluptuoso baten antzera posatu zuenekoa, Mircala berriro datorkigu Donostiara. Mircala etxea izenburuarekin, egile nabarmen eta bikain honek bere sortze-lanaren pilula gazi-gozo berriak eskainiko dizkigu, bere etxeko gela txiki batean landuak, bitan banatzen den bere nortasun horrekin “etxe gotiko ederra eta dekadentea” deitu ohi dion horretan, alegia.

 

El mundo de John Willie

John Williek, istorio fetixisten maisu handietakoak, argazkilaritzan jardun zuen baita ere, eta hainbat eta hainbat artikulutan teorizatu zuen fetixismoaren teknikei eta kontzeptuei buruz oro har eta sorrarazten dituen loturei buruz bereziki.

1946an Bizarre editatzen hasi zen, eskuz landutako aldizkaria izan arren mundu sadomasokistaren ikono bilakatu dena, eta handik gutxira, 1948an, bere pertsonaia ahaztezinak sortu zituen, Gwendolyne lañoa, Sir D´Arcy baldarra, M kondesa maltzurra eta U-69 agente bihozbera, kultuko egile eta komiki erotikoaren mito bihurtu zuten pertsonaiak.

Bere lana, zentsurak zorrotz jokatzen zuen une historikoan egina, erdi klandestinitatean argitaratzen zuten. 70eko hamarkadaren hasieran, 60ko hamarkadako iraultza sexualak eta mugimendu inkonformistek bultzatutako permisibitate giroan, nabarmen handitu zen Willieren lanaren balioa.

 

DONOSTIA KULTURA Konstituzio Plaza, 1 20003 Donostia - San Sebastián (SPAIN)
Tel.: (34) 943 48 11 57/97 - Fax: (34) 943 43 06 21 E-mail: cinema_cinema@donostia.org