donostiakultura.eus

Erakusketak

Miniaturazko mundua
CONFLICTIVOS PRODUCTIONS-eko dekoratu eta pertsonaiak

sam

Conflictivos Productions-ek, Sam animatzailearen enpresak, bere lanetan erabilitako panpina eta maketen erakusketa.

Sam-ek bere karrera profesionala plastilinazko animazioaren arloan hasi zuen, Pablo Llorens maisuaren eskutik, 90eko hamarkadaren amaieran. Proiektu oso ezberdinetan lan egin zuen, hala nola telesailak (“Doc Franky”, “Trikets”, “Capelito”, etab.), film laburrak (Minotauromaquia, El enigma del chico croqueta, etab.), publizitate-iragarkiak (“los García” delakoaren euro-kanpainan), etab.

Ati-rekin batera, Conflictivos Productions-eko sortzaile da eta bertan egin ditu Encarna (2003) eta Hermético (2004) proiektuak eta baita Semántica (2005) filmaren ekoizpena ere. Aardman produkzio-etxe ingelesarentzat animatzaile eta diseinatzaile kontzeptual gisa denbora batez lan egin ostean, IB Cinema-rentzat El ataque de los Kriters asesinos (2007), The Werepig (2008) eta duela gutxi Vicenta (2009) filmak zuzendu ditu.

 

ASTEAREN 20. URTEURRENA

20

Asteak 20 urte bete ditu. Bisitari, gertakari, emanaldi, bitxikeria ugari izan dira zinemaz betetako bi hamarkada hauetan, baita beste hainbat gauza gehiago ere.

Erakusketak, denbora horretan zehar Antzoki Zaharrean eta beste egoitzetan garatutako historiaren zati bat kontatzeko asmoa duten 34 argazki biltzen ditu. Zertzelada batzuk besterik ez dira, lekuen, lagunen eta bisitarien deskribapenak, Astearen historia bilakatu diren uneenak.

Robert Englund, Santiago Segura, Peter Jackson, Guillermo del Toro, Jess Franco, Tsukamoto, Naschy, M. A. eta beste asko dira erakusketako protagonistak.

H. R. Giger Donostian

sam © H.R Giger Museum

H. R. Giger suitzar artista polifazetikoa dugu (Chur, 1940), alegiazko munduaren sortzailea, mundu zirraragarri eta liluragarria, cyborg, munstro, deabru eta jainkosa sataniko, fetix eta pasarte gotikoz betea. Arte Fantastikoaren ordezkari nagusienetakoa da eta egungo artista garrantzitsuenetakotzat hartzen da. Sailkatzeko zaila den sortzaile honek, sinbolismo eta surrealismoarekin lotura asko ditu. Baina bere surrealismoa iluna eta beldurgarria da, kezkagarria, askotan amesgaizto itxura duten eta artegatasuna sortzen duten imajina irudikorren bidez proiektatua.

Giger-en irudia bere sorkuntza entzutetsuenarekin lotzen da berehala, hainbeste irakurgai sortu dituen Alien (Ridley Scott, 1979) filmeko munstro protagonista. Giger ezaguna baita atmosfera klaustrofobikoen sortzaile eta munstro diseinatzaile gisa, bereziki bere ibilbidean giltzarri izan den film horrekin lortu zuen arrakasta dela eta. Kritika espezializatuak Alien-arekin egin zuen lanak zientzia-fikzioaren looka aldatu zuela, generoan iraultza egin zuela adierazi izan du. Hirurogeiko hamarkadara arte gutxietsia zen generoari aukera berrien atea ireki zion. Bere look ilun eta makurra, berehalako eragin aztoratzaile izateaz gain, erreferente bihurtu zen, eta bere munstroa zinema garaikideko ikono ospetsu bilakatu zen, publikoak oro har aintzat hartua, ez generoaren zaleek soilik.

Baina, ororen gainetik, Giger artista plastikoa, marrazkilaria, eskultorea, eta batez ere, pintorea dugu. Hala adierazten du berak, bere estilo pertsonalari “biomekaniko” deitzen baitio, trebetasun handiz jatorri naturala (biologikoa) eta artifiziala (teknologikoa) duten formak sintetizatuz. Sinbiosi hori, ikonografiaren ikuspuntutik organikoaren eta ez-organikoaren arteko bat-egitetzat hartzen da, anatomiak eta organoak objektu industrialekin, haragia metalarekin batuz. Baina haragia gaixobera eta ustela, eta metala, berriz, ahaltua eta zikina. Ez da bat-egite atsegina, aitzitik, konplexua eta ezerosoa da, egonezina eta urduritasuna sortzen duena. Hori da arte modernoari egin dion ekarpen handietako bat, estetika nahastezina sortzeko erabiltzen duen kontzeptua, gaur egun gizakia inguratzen duen arazoari heltzeko, bereziki teknologiari dagokionari, bere ingurua inbaditzen duten makinen esklabo bihurtu baita gizona.

 

 

 

2009 - Semana de Cine Fantástico y de Terror. Unidad de Cine.
Donostia Kultura. Teatro Victoria Eugenia. Reina Regente 8, 4. 20003 Donostia - San Sebastián
Tel.: (34) 943 48 11 57/97 - Fax: (34) 943 43 06 21 E-mail: cinema_cinema@donostia.org